Kontzertu nagusiak hilaren 5ean, ostegunean, hasiko dira, Kepa Junkeraren eta Budiñoren eskutik. Bi artistek ikusleengana intentsitate handiko esperientziak eta emozioak hurbildu nahi dituzte. Bigarren egunean, musika zeltan eta New Agean aztarna gehien utzi dituen banda irlandarra egongo da, zaleentzat erreferentzia eztabaidaezina bihurtu dena: Clannad. 7an, larunbatean Yacine & The Oriental Groove kultura anitzeko ariko da Getxon. Bandak mendebaldeko, ekialdeko eta Magrebeko musikak bildu eta “fusio mediterraneo” moduan definitu daitekeen musika egiten du, publikoa dantzatzera animatzen duena (izan ere, saio horretan 512 eserleku izango dira eta gainerakoak, zutik egotekoak). Amaitzeko, agertoki nagusiko programa ixteko, “Kukai & Lagunak” ikuskizuna aurkeztuko dute. Kukai dantza-taldeak euskal dantza tradizionala eta beste dantza-estilo batzuk eta ikuskizun horretarako gonbidatutako artisten musika konbinatuko ditu.
Arratsaldeko kontzertuetan, ikusleek askotariko programaz gozatu ahal izango dute. Thalassa hirukoteak, musika klasikoa oinarri hartuta, herri-konposizio mediterraneoen errepertorioa eskainiko du; Mariachi Imperial Elegancia Mexicana taldeak corridoak, boleroak eta baladak aurkeztuko ditu; Trivium Klezmer-ek herri-musika juduan errotutako erritmoak hurbilduko ditu, eta Ana Alcaidek tekla-biolarekin aspaldiko musiken mundura hurbilduko gaitu. Munduko Terrazan, Tazzuff taldeak erritmo tradizionalen eta jazz, flamenko eta errunba soinuen fusio freskagarria interpretatuko du, eta Getxoko Dead Bronco boskoteak "broncobilly" eskainiko digu, rock, country, folk, punk eta EEBBetako musika-erroekin lotutako beste soinu batzuen nahastea.
Goizeko kontzertuetan, txikiek eta handiek bi emanaldi izango dituzte, lehenengoa Titiriteros de Binéfar taldearen eskutik. Taldea Getxo udalerrira itzuli da herri-musikaren, txotxongiloen eta jolasen konbinazio jostagarri eta berezia eskaintzeko. Kontzertuaren aurretik, txotxongiloen tailerra egingo da. Bigarrenean, Garik “Txikiak eraikitzen” ikuskizuna aurkeztuko du, musikaren mundua haurrei hurbiltzeko.
Jarduera osagarriak
Jarduera osagarriei dagokienez, bisitariak Elkartasun Gunera hurbildu daitezke. Ekimen hori zenbait GKEren lankidetzaz antolatu da. Erakunde horiek egindako lana erakusteaz gain, Espazio Solidarioan Bidezko Merkataritzak tartea izango du; Munduko Eskulangintza Azokan, bisitariek zenbait herrialdetako artisautza-objektuak erosi ahali zango dituzte. Munduko Terraza Getxoko Immigranteen Plataformarekin lankidetzan antolatu da, eta horretan hainbat herrialdetako jakiak dastatu daitezke.
Sarrerak
Ohi denez, saio nagusiak ordaintzekoak izango dira eta gainerakoak, doakoak. Sarrerak eta kontzertu guztietarako abonamenduak salgai daude Kutxabanken orotarako kutxazainetan, www.kutxabank webgunean, Algortako Kultur Etxean (Villamonte, A-8) eta 944 914 080 telefono zenbakiaren bitartez.