Getxophotoren “Ametsak” gaur iratzarriko dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abu. 29a, 17:32

Jesus Echebarriaren “Estretoscópico” izena duen erakusketarekin, eta Clément Briend artista frantsesaren hainbat proiekzioekin hasiko da, gaur, osteguna, Getxophoto-Nazioarteko Argazkigintzaren Jaialdiaren zazpigarren edizioa, Begihandi kolektiboak antolatuta, besteak beste, Getxoko Udalaren laguntzarekin. Irailaren 29ra arte egingo da. Christian Caujollek izen handiko kritikalaria komisarioa duen Jaialdian, mundu osoko 17 argazkilari gailenek hartuko dute parte. Erakusketak irailaren 29ra arte egongo dira zabalik, batez ere gune publikoetan, Algortako Ereaga hondartzatik Portu Zaharrera artekoetan, eta Algortako goiko aldean aretoko erakusketak egongo dira. Jarduera nagusiak Jaialdiko lehenengo asteburu honetan izango dira, hau da, abuztuaren 29tik irailaren 1era arte: erakusketak, proiekzioak, bisitak eta “itxialdia” -hau da, hausnarketarako eta elkarrizketetarako jardunaldia-. Argazkia: © Getxophoto.

Getxoko Udaleko zinegotziak, Koldo Iturbek, esan du artea eguneroko bizitzan sartzearen aldeko Getxophotoren apustua eta arte lanak, batez ere, esparru publikoan erakutsi izana Getxoko Udaleko gobernu-taldeak duen ildo estrategikoarekin bat datozela: udalerriko ekonomia eta bere jarduera-sektore nagusiak, hau da, Turismoa, Merkataritza eta Ostalaritza sustatzea dela ildo estrategiko hori. “Halaber”, esan du Iturbek, “Getxoko egungo kulturgintzaren eredua aztertzeko eta gaurkotzeko prozesuan murgilduta gaude hainbat helburu lortzeko asmoz, besteak beste, krisialdiaren aurrean Kultura garapenerako aukera finkatzeko; kulturaren ekarpenak indartzeko; Getxo marka erakargarriagoa egiteko; eta, orain arte egin dugun moduan, arlo pribatu eta publikoaren arteko elkarlana sustatuko duten egitasmo kulturalak aurrera eramateko. Eta Getxophoto, etorkizunean bertokoentzat zein bisitarientzat gure udalerrian izango dugun eskaintza kulturalaren adierazgarri argia da”.

Jarduera nagusiak

Larunbatean, abuztuaren 31n, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan Opening saioa egingo da, Jaialdiari hasiera emango diona; ekitaldi horretan, Caujolle komisarioak iruditan errepasatuko du edizio honetako egitaraua. Edizio honetan parte hartuko duten egileetako batzuk euren lanak proiektatu eta aurkeztuko dituzte.

Halaber, iraileko bisita gidatuen Ibili programa eta Photowalk, argazki estudio eta galerietara bisita, itzuliko dira. Aurten, Argazki Garaikidearen Bilboko Zentroa bisitatuko da, Ricky Davilak zuzentzen duena. Aurten ere argazkilaritzari buruzko liburu eta aldizkariak kontsultatzeko Papel izeneko gunea jarriko da; Algortako Torrene kaleko espazio batean egongo da hilabete osoan zehar.

Edizio honetako berritasun gisa, Getxophoto jaialdiak Itxialdia ekimena proposatzen du, argazkiaren kontsumorako modu garaikideen inguruko hitzaldi eta elkarrizketentzako egun oso bat. Abuztuaren 30ean izango da, 10:00etatik 20:00etara, Fadurako garagardotegi zaharrean. Jaialdiaren zuzendariak, Jokin Aspuruk, adierazi duenez, “irudien kontsumorako kanalak, euskarriak eta gailuak aztertu eta eztabaidatuko dira, besteak beste, argazki-liburuak, sare sozialak, komunikabideak, erakusketak edo arte galeriak”. Jordi Socías ("El Pais Semanal"· aldizkariko editore grafiko ohia), Monica Allende ("Sunday Times Magazine" aldizkariko editore grafikoa) eta Cristina de Middel argazkilari espainiar arrakastatsuak parte hartuko dute, besteak beste. Yosigo argazkilari donostiarraren Have a Nice Book proiektuaren aurkezpenarekin eta zuzenean argazki-liburuak tartekatzen dituen Julian Baron DJ-aren Photobook Jockey saioarekin amaituko da eguna. Prezioa: 30 euro.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun