Bai Ertzaintzak, bai Erandioko udaltzainek agente-kopurua handituko dute
San Agustin jaietan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak iragarri duenez. Batzuek zein besteek polizia-patruilak areagotuko dituzte, uniformez eta kaleko arropaz jantzita, bai jai-esparruan, bai horren inguruan, baita Erandioko metro-geltokian ere, liskarrak eta erasoak saihestearren. Bereziki zainduko dituzte alkohola saltzen duten lokalak, haietan adingabeei edari alkoholdunik sal ez diezaieten. Antolamendu horren barruan alkoholemiako prebentzio-kontrolak ere egingo dituzte alkoholaren eraginpean dauden pertsonak bidean zirkulatzea saihesteko. Garrantzi berezia izango dute jaietan zirkulazioaren eta gai estupefazienteen kontsumoaren arloko prebentzioak eta zehapenak, lehen aipatutako iturriek gaineratu dutenez. Atzo hasi ziren San Agustin jaiak Erandion eta igandera arte luzatuko dira. Argazkian, Kantagunea Altzagan barrena.