Aldundiaren arabera, "Bizkaiko udalak, BiscayTIKen eta Izenperen eskutik, lider dira administrazio elektronikoko zerbitzuen eskaintzan eta abangoardian daude Interneteko segurtasunari dagokionez".
ETSIko kideen ardura da, hain zuzen, "arauak eta estandarrak prestatzea Europako administrazioek eta merkatu elektronikoak beharrezko duten homogeneizazioa eta elkarreragingarritasuna lortzeko konfiantzazko harremanetan. Kalitate handiko lana egiten dute, normalizazioari begira beti ere, eta, horrela, ospe handia lortu dute, teknikoki bikainak baitira", foru iturriek azpimarratutakoaren arabera.
Europako Parlamentuak eta Kontseiluak barneko merkatuan egiten diren transakzio elektronikoetarako identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruz egin duten proposamena lantzen ari dira profesional horiek gaur egun. Erregelamendu berri hori 2014ko udaberrian onetsi nahi da, eta haren bidez lortu nahi da "egun dauden fragmentazioa eta elkarreragingarritasun falta konpontzea, herritartasun digitala sustatu eta ziberdelinkuentzia prebenitzearren".