Urriaren 17an abiatuko du 35/02 auziaren epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalak. Goizeko 10etan, hasiko dira epaitzen ezker abertzaleko 40 kide, herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea leporatuta. 372 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak guztira; zortzi eta hamabi urte arteko zigorrak bakoitzarentzat. Akusatuen artean dira Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrak eta Izaskun Barbarias urduliztarra. Hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra ere auziperatuta dago sumario honetan. Aipatu lau lagunei zortzi urteko espetxe zigorra jarri nahi diete. Zehazki, Algortan, batzar irekia egingo dute asteazken honetan, irailak 4, horren inguruko lan-talde bat sortzeko asmoz. Hitzordua 19:00etan jarri dute Abian Kultur Elkartean, Bidebarri kalean. "Garrantzitsu eta interesgarria da parte hartzea. Gonbita luzatzen zaizu bertaratzeko, edota inor ezagutu dezakezu zure inguruan. Modu asko daude laguntzeko, parte-hartzeko...", sustatzaileek zabaldu dutenez. Argazkian, Ertzaintzak 2006ko urriaren 25ean egin zuen miaketa Leioako Kurkudi herriko tabernan.