Getxo da, Donostiaren ostean, Estatu espainoleko alokairurik garestienak dituen udalerria. Horrela jakinarazi du
Fotocasa higiezin atariak uztaileko datuei buruz asteartean
argitaratutako txostenean. Etxebizitza bat alokairuan hartzeko batez besteko prezioa metro koadroko 11,05 eurotan dago Gipuzkoako hiriburuan eta 10,85ean Uribe Kostako udalerrian. Rankineko hirugarren hiria Bartzelona da, 10,75 eurotan. Podiumetik kanpo baina Estatuko laugarren tokirik garestienean Bilbo dago, metro koadroko 10,45 euro ordaindu behar direla batez beste. Gauzak horrela, EAE da erkidegorik garestiena eta metro karratuak 9,75 euro balio du. Halaber, hiri garestienen artean daude Madril (10,39 euro metro karratuko) hiriburua eta Pozuelo de Alarcon (9,80 euro), Kataluniako Sant Cugat del Valles (10,24 euro) eta Castelldefels (9,81 euro), eta Eivissa (10,27 euro). Bestalde, tokirik merkeenen zerrendan daude Baeza (Jaen), Fuensalida (Toledo), Alzira (Valentzia), Las Gabias (Granada) eta Vila-Real (Valentzia). Estatu espainoleko batez besteko prezioa 7,10 euro da metro koadroko eta hileko. 2007ko maiatzaz geroztik % 29,8 jaitsi da alokairuaren prezioa. Argazkian, etxebizitzen prezioak salatzeko Algortako Gazte Asanbladak 2008an egindako ekimen bat.