Larunbatean, hilak 7, bere egun handienetako bat ospatuko du Sopelak: Euskal Jaia. Urtero legez, sopeloztarrek eta bisitariek bertako hamaika produktu erosteko aukera izango dute, giro jator eta euskaldunean. Azoka goizeko 10etan abiatuko dute udaletxe plazan. Aurten 40 nekazal postu baino izango dira, honako produktuak salgai izango dituztela: ortuariak, frutak, euskal pastela, gazta, ogia, eztia, txakolina, loreak, sagardoa eta abar. Baserritarren postuez gain, hiru txosna ere izango dira, edari eta taloak eskainiko dituztela. Artisautza-postuak ere ez dira faltako, eskaintza borobilduz. Nekazariak eta artisauak batez ere Bizkaitik etorriko dira, baina Euskal Herriko gainontzeko probintzietatik ere ailegatuko dira. Halere, nekazaritza azokaz gain, Euskal Jaiak beste hainbat jarduera ere izango ditu asteburu honetan. Larunbat arratsaldean, esaterako, diskofesta mitologikoa izango da udaletxe plazan, 18:00etatik aurrera, Galtza Dantza taldearen eskutik. Hurrengo egunean, igandean, sukalkia eta Pintura Txapelketak izango dira goizean zehar, udaletxe plazan bertan. Horietaz gain, 12:00etan herri kirol parte-hartzailea izango da, auzokideek herri kiroletako probetan parte hartzeko aukera izango dutela. Azkenik, lehiaketa bien sari-banaketaren ostean, 17:00etan umeentzako euskal parkea eta tailerrak izango dira. Argazkian, nekazaritza azokako aurreko edizio baten irudia / © Sopelako Udala.