Ertzaintzak 22 eta 26 urteko gazte bana atxilotu zuen atzo eta herenegun, Erandioko Lutxana auzoan labanaz mehatxu eginez sakelako telefono bat lapurtu zutelakoan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, lapurreta ostiral goizaldean jazo zen. Ertzaintzak jasotako salaketaren arabera, gertakaria aurreko ostiral goizaldean izan zen, lauak pasatxo zirela. Ordu-inguru horretan, biktima, etxera zihoala, ohartu zen bi pertsona atzetik jarraika zituela. Gaztearen parera iritsi zirenean, hizketan hasi eta gerturatu egin zitzaizkion. Lutxanako metro geltokiaren parean, biktima lurrera bota zuten. Erasotzaileetako batek labana bat atera eta gaztea ikaratu zuen; bien bitartean, bigarrena arropetan begira ibili zen, baliozko gauza guztiak emateko eskatuz. Azkenean, telefono mugikorra kendu zioten patrikatik, eta ihesi abiatu ziren.