Kepa Junkerak estilo berezia sortu du musika tradizionalaren munduan, eta nazioartean aitorpenik handienetakoa duen euskal artista da. Musikariaren diskoek trikitixaren eta munduko musiken arloetan iraultza eragin dute, eta lanak tradizioan sakon errotuta dauden arren, mugarik gabeko musika sortu du, beste leku eta beste kultura batzuetako usain, erritmo eta koloreekin nahasita. Lan diskografiko oparoarekin batera, lankidetzan aritu da elkarren artean oso desberdinak diren musikari eta taldeekin, hala nola, La Bottine Souriante, Maria del Mar Bonet, Justin Vali, Hedningarna, Phil Cunningham, Liam O'Flynn, Béla Fleck, Xose Manuel Budiño, Alasdair Fraser, Andy Narell, La Musgaña, Glen Velez, Carlos Nuñez, Las voces búlgaras, Caetano Veloso, Marina Rossell, Andreas Wollenwaider, The Chieftains, Dulce Pontes eta Pat Metheny.
Galiziako doinuak
Xose Manuel Budiñok tradizio galiziarrean oinarritutako musika soinu garaikideekin konbinatzen du. Moañako Escola de Gaitas Semente Nova ikastetxean eta Vigoko Unibertsitatean ikasi zuen, eta geroago, Vigoko Jazzeko Musika Sormenaren Laborategian sartu zen. Horrekin batera, artista bere grina handia lantzen hasi zen, konposizioa, eta urte luzez musika galiziarrari lotuta lan egin eta gero, beste bide artistiko batzuk arakatzen hasi zen, besteak beste jazzeko, musika klasikoko, popeko eta flamenkoko artistekin lankidetzan arituz. Modu horretan, ibilbide luzean, musikari galiziarra artista handiekin batera igo da agertokira, hala nola Van Morrison, Jerry Gonzalez, Jorge Pardo, Capercaille taldearekin eta Lorienteko Orkestra Sinfonikoarekin.
Azkenik, Thalassak Cadizeko eta Kataluniako hiru musikari gazte biltzen ditu. 2011. urtean abiatu ziren ganbera-talde bat sortzeko asmoz. Trebakuntza klasikoaren oinarria galdu gabe, Espainiako eta Mediterraneo inguruko beste herrialde batzuetako errepertorio tradizionala berriz interpretatzeko eta gaurkotzeko gai izan nahi zuten. Errepertorioan herri-doinuak biltzen ditu, espainiarrak, katalanak, hebrearrak eta sefardiak, berezko konposizioak eta egile ezagunen lan batzuk. Hasieran proiektu txikia zena azkenean talde honen lehenengo disko bihurtu zen, "De la Mediterranea" izenburupean. Lan horrekin, talde gazteak Herri Musikaren Interpretazio saria irabazi zuen 2012ko Injuve Gazteen Sormen Lehiaketan.