Campuseko autobus geltoki eta aparkaleku berriak estreinatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ira. 5a, 00:37

EHUko Leioa eta Erandioko campuseko ikasleek, irakasleek eta bestelako langileek autobus geltoki eta aparkaleku berriak erabiltzeko aukera izan zuten herenegun lehenengo aldiz. Egiturak autobusentzako 18 nasa eta ibilgailuak aparkatzeko 1.127 plaza ditu, lau solairutan banatuta. Medikuntza eta Odontologia Fakultatearen aurrean kokatuta dago. Gauzak horrela, 2013-2014 ikasturtearen hasiera ofiziala baino aste bat lehenago prest izan dituzte azpiegitura berri horiek. Aparkalekua edonork erabili ahal izango du lanegunetan, goizeko 7etatik gaueko 10ak arte. Gauez, asteburuetan eta jaiegunetan, berriz, erabilera mugatuta egongo da. Eta, mota bereko beste unibertsitate instalazio guztiak bezala, doakoa izango da. Argazkian, eraikin berria / © EHU.

Eraikin berriaren eraikitze lanek hamahiru hilabete iraun dute eta aurreikusitako epean bukatu da. Guztira, 20.219,32 metro koadroko azalera eraikia dauka. Lau solairu ditu, azkena estalkirik gabekoa. Aparkalekuaren sarrera Apia bidean dago kokatuta, campusaren sarrera nagusiaren ondoan, eta irteera eraikinaren kontrako aldean, Leioa-Unbe errepidera bideratuta.

Solairu bakoitza, 6.700 metro karratutakoa, luzetarako lau kaletan zatituta dago, guztiak norabide bakarrekoak eta oinezkoentzako bide batekin alde batean. Ibilgailuak solairu batetik bestera mugitzeko arrapala bi jarri dira eraikinaren erdialdean, norabide bakarrekoak biak, bata igotzeko eta bestea jaisteko. Bestalde, oinezkoentzako lau eskailera daude (bat eraikinaren fatxada bakoitzean) eta, Apia bidera begira dagoen dorrean, igogailu bat mugikortasun murriztua duten pertsonentzako.

Atletismo pista berregingo dute

Leioa eta Erandioko campuseko aparkaleku berria eraikitzeko lanak 2012ko uztailaren 29an hasi ziren. Lan horien ondorioz, toki horretan zegoen behin-behineko aparkalekua desagertu egin zen eta atletismo pista egokitu zen aldi baterako aparkaleku bezala. Orain, behin aparkaleku berriaren obrak bukatuta, esleipena jaso duen enpresa bera arduratuko da datozen asteetan atletismo pista bere onera ekartzeaz, kontratuaren klausuletan batzen den bezala. Halaber, irailaren erdialderako prest egongo dira parkingaren inguruan dauden beste 118 aparkaleku. Kanpoko plaza horietara oinezkoentzako bi zubi erabili ahal izango dira.

Carmelo Garitaonandiak, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak atzo adierazi zuenez, "azpiegitura berri honekin garraio publikoa hobetzen lagunduko dugu, autobusentzako geltoki berri bat eta itxaroteko eremu estalia izango dugulako. Eta, gainera, ibilgailuak aparkatzeko 1.200 plaza berriekin aurrera pauso garrantzitsu bat emango dugu Campusaren erabilerraztasunaren hobekuntzan".

Auto pribatuen erabilpen arrazionala sustatzen

Beste alde batetik, 2013-2014 ikasturteari begira, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak deialdi berri bat egin du aparkatzeko plazak gordetzeko Leioan okupazio handiko ibilgailuentzat, hau da, egunero hiru ikasle edo gehiagorekin beteta joaten dena campusera. Joan den ikasturteko bigarren lauhilabetekoan ekimen honekin batera 25 aparkaleku-plaza dituen eremu bat mugatu zen Biblioteka Nagusiaren beheko solairuan baldintza bi betetzen dituzten ibilgailuentzat: gune horretan aparkatu nahi den ibilgailuan egunero gutxienez hiru lagun campusera joatea eta guztiak EHUko ikasleak izatea. Baimenak 2013ko irailaren 1etik 2014ko abuztuaren 30ra arte iraungo du.

Ekimen horren helburua kotxe pribatuen erabilera arrazionala bultzatzea da, eta baita gune publikoen kudeaketa hobetzea eta ibilgailuek sortzen duten kutsadura eta energia kontsumoa gutxitzea. Egitasmo honetan parte hartzeko eskariak handitzen doazen neurrian, erreserbatutako aparkalekuen kopurua ere berrehun plazara arte handitzea aurreikusita dago.

Argibide gehiagorako, Sakatu hemen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun