Ertzaintzak hiru lagun atxilotu zituen pasa den astelehenean Lemoizko zentral nuklearreko instalazioetan, lapurtzen ari zirelakoan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldu duenez, atxilo hartutako bi mutilek 22na urte dute eta hirugarrenak, 26. Pasa den astelehenean, arratsaldeko ordu biak aldera, Lemoizko zentral nuklearreko instalazioetan lapurreta bat gertatzen ari zela ohartarazi zioten Ertzaintzari. Zaindariek zentraleko galerien barruan pertsona batzuk zeudela jakinarazi zioten. Bertaratu ziren ertzainek, korridoreetako batean gizonezko bat aurkitu zuten eta aldean zeramatzan hainbat tresna konfiskatu zizkioten; bitartean, bertsio ofizialaren arabera, "kobrezko kablea ezkutatzen saiatu zen". Handik denbora laburrera, arrastaka bakarrik sar daitekeen beste galeria baten barruan "ezkutatuta", beste bi lagun aurkitu zituzten ertzainek. Horietako bat bilatu, atxilotu eta espetxeratzeko lehenagoko agindu bat zegoen, Iruñeko epaitegi batek emana.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!