Arratsaldeko saioetan, eskaintza anitza izan da agertoki nagusiaren ondoko aparkalekuko agertokian. Bertan Katalunia eta Andaluziako Thalassa hirukotearen fusio erritmoez eta Mariachi Imperial Elegancia Mexicanaren corridoez gozatzeko aukera izan du publikoak. Halaber, jaialdiaren atal horretan lehenengo aldiz entzun ahal izan dira hebrear jatorrizko doinuak, Trivium Klezmer taldearen eskutik, eta Ana Alcaide biola-jotzailearen antzinako musika, hain zuzen ere. Saio biak oso arrakastatsuak izan ziren.
Munduko Terrazako kontzertuek ostiraleko eta larunbateko programa itxi zuten. Lehenengoan, Tazzuff seikote kataluniarrak erritmo tradizionalen eta jazz, flamenko eta rumba nahasketa eskaini zuen eta, bigarrenean Dead Bronco getxotarrek Estatu Batuetako erroko broncobilly delako estiloa gerturatu zion publikoari. Haurrentzako saioak ez ziren falta jaialdian. Auten Titiriteros de Binefar taldeak "A tapar la calle" musika eta txotxongilo ikuskizuna aurkeztu zuen eta Garik eta Miguel Moyanok "Txikiak eraikitzen" kontzertu didaktikoa eman zuten, musikaren mundua haurrei gerturatzeko asmotan.
Aurtengo musika eskaintza kale bandek osatu dute. Lau egunetan Eskoziako, Mexikoko eta Euskadiko bandak jardun dira jaialdian. Aipatzekoa da larunbatean Bizkaiko zubitik abiatu zen desfilea, milaka lagun bildu zituena.
Bestelakoak
Ohi denez, kontzertuak ez ezik, Folk Getxo jaialdian beste jarduera batzuekin gozatzeko aukera izan du publikoak. Horrela, Gune Solidarioan, GKEek zein beste elkarte batzuek beren lana eta proiektuak eman dira ezagutzera. Bertan ere Bidezko Merkataritzako produktuen salmenta egon da. Hainbat herritako eskulanak gerturatu dituen Munduko Eskulangintza azoka ere ez da falta Getxon. Azkenik, Munduko Terrazan, jatorri anitzeko jakiak dastatzeko aukera izan da, besteak beste, Filipinetakoak, Boliviakoak, Argentinakoak, Marokokoak, Libanokoak eta Mexikokoak.
Getxo Folk 2013ko taldeak argazkitan (© Getxoko Kultur Etxea)