Gaur, 2013. urteko irailaren 11, Kataluniak Diada historikoa ospatuko du: milaka herritarrek elkarri eskua eman eta giza-kate erraldoia eratuko dute, euren herriaren askatasuna eta independentzia argi eta garbi aldarrikatuz eta bultzatuz. Aurtengo Diada, beraz, "kataluniar prozesuari bultzada indartsua emango dion jauzi berria" izango da, udal sopeloztarreko iturrien iritziz. Beraien hitzetan, "urte asko daramate Kataluniak eta Euskal Herriak elkarri begira, askatasunerako ibilbidean elkarrengandik ikasi nahian. Horrek bi herrien arteko begirune, elkartasun eta konplizitate sakona sortu du, eta euskal herritar asko eta askoren artean ilusioa piztuz. Herri biok helburu eta bide berbera konpartitzen dugulako". Hori dela eta, Bilduk osatzen duen Sopelako Udal Gobernu Taldeak bat egin gura izan du Kataluniako Diadarekin, eta herrialde horretan hasitako burujabetza-prozesuarekin. Berau aldarrikatzeko asmoz, gaur estelada izango dute udaletxeko balkoian eskegita. Argazkia: ©
Sopelako Udala.