Ostegun honetan, irailak 12, bigarren batzar irekia egingo dute Algortan Libre ekimenaren antolaketan sakondu eta aurreko asteazkenean egindakoari segida emateko. "Libre Getxon dinamikaren nondik-norakoak zehaztu eta aurkeztu aurretik, jende gehiagorengana iristeko helburua jarri genuen aurreko batzarrean, guztion artean antolaketan sakondu eta dinamika bideratzeko", sustatzaileek zehaztu dutenez. Horrenbestez, hitzordua 19:00etan jarri dute Abian Kultur Elkartean, Bidebarri kalean. Udazken honetan bi makro epaiketa hasiko dira Espainiako Entzutegi Nazionalean. Guztira, 76 euskal herritar izango dira epaituak (36 "herriko tabernen" auziagatik eta beste 40 Segiko kide izatea egotzita). Akusatuen artean dira Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrak eta Izaskun Barbarias urduliztarra. Hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra ere auziperatuta dago sumario honetan. Aipatu lau lagunei zortzi urteko espetxe zigorra jarri nahi diete. Segiko sumarioari dagokionez, Xabier de la Maza gazte gorliztarra ere auziperatuen artean dago, 6 urteko zigor eskaerarekin. Argazkian, Xabi de la Maza gazte gorliztarra.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!