Abra Bizirik Getxoko plataformak zabaldu duenez, Getxoko Kirol Portuko bidaiarien itsasontzien kaia handitzeko Abra kanpoaldeko erauzketa lanetatik ateratako harea erabiliko dute.
"Deia" egunkariak plazaratutako albistea oinarritzat hartu dute Ama Itsasoaren aldekoek: "ez du Punta Luzerokoa izango denik esaten, baina ez zaigu deskripzio horrekin beste ezer otutzen", aipatu dutenez. "(...) Dragatzeko makina batek, 30 metroko sakoneran, itsaso hondotik ateratako harea erabiliko dute betelanak egiteko. Getxoraino nabigatu ostean, ponpa batez botako du bere zama hodi baten bitartez kutxen gainera. Harez betetzerakoan berdindu egingo dute, lehorrean. 140.000 metro kubo, 11.660 kamioi eraman dezaketen harea kopurua botatzea aurreikusten da (...)", dio espainolez Abra Bizirik Getxoko plataformakoek aukeratu duten paragrafoa. Bestalde, salatu dutenez, berriak "gehiago ematen du ipuin epiko bat; argi dago irakurleak sentimentalki kruzero kaia eta dragaren alde prestatzeko testua dela". Argazkian, Algortako Portu Zaharreko jaietan egindako Ama Itsasoaren aldeko brindisa / © Abra Bizirik Getxoko Plataforma.