
Ikasturte berria gogotsu hasteko aukera izango dute Sopelako neska-mutilek larunbat honetan, irailak 14. Izan ere, egun horretan ospatuko da Duatloi Txikiaren bigarren edizioa,
Hirubi Triatloi Elkarteak eta
Sopelako Udalak antolatuta. Izena emateko epea bihar, osteguna, amaituko da, eta dagoeneko ehun lagunek baino gehiagok eman du izena proba honetan parte hartzeko. Beraz, bigarren edizio honetan Duatloi Txikia egonkortu egin dela esan daiteke. Aurten 10:30ean hasiko da proba, udaletxe plaza alboko Ripa kaletik, eta txikiek atletismoan eta txirrindularitzan aritu ahal izango dira. Parte hartzaileek bizikleta eta kaskoa eraman beharko dute, eta gurasoen baimena aurkeztu. Probaren lehenengo zatia korrika egin beharko dute, geroago bizikletak hartu eta amaitzeko berriro tipi-tapa lasterka eginez. Argazkian, Hirubi Triatloi Elkarteak antolatutako beste duatloi bat, artxiboko irudian / © Sopelako Udala.