"Sentitu, pentsatu, ekin!"
Hogeita bost urte igaro dira jada pailazo taldeko kideak sudur gorriak eta zapata handiak jantzi eta herriz herri irria zabaltzen hasi zirenetik. Asko dira urteak, eta gehiago Euskal Herriko lagunekin batera bizi izan dituzten abenturak, elkarrekin partekatutako irriak, malkoak, muxuak eta besarkadak. Ospakizun urtea dute, hortaz, agertokiz kanpo ez ezik, baita oholtza gainean ere. Izan ere, pailazoen amona Josefinak 100 urte beteko baititu! Pirritxen, Porrotxen, Mari Mototsen eta Pupu eta Loreren eskuetako hatzak zein oinetako behatzak ere behar dira halako zenbaki potoloa zenbatu eta osatzeko! Pailazoak eta lagunak amonaren baserrira joango dira beraien amona eta jada birramona ere badenarekin festa egitera. Zaharra bezain polita, argia eta irudimentsua da amona. Anakleto ijitoak, Kintxo Barriletek, Tantaka Yotanka Ameriketako indioak, Poxpolin Marisorginek, Gorriti aztiak… guztiek zoriondu nahi dute Josefina maitagarria. Bada norbait, ordea, festa zapuztu nahi duena, eta pailazoak eta koadrila oztopatzen saiatuko dena etengabe. Lortuko ote du? Ala maitasuna eta alaitasuna gailenduko ote dira azkenik? Zatoz pailazoekin batera amona Josefinari "Zorionak zuri" abestera!
"Sentitu, pentsatu, ekin!" ikuskizunaren bideo-aurrerakina (© Katxiporreta kooperatiba)
Ikuskizuneko kartela