EHUko Matematikak munduko lehenengo 100en artean kokatu dira Shanghaiko rankingean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ira. 13a, 18:25

Shanghaiko ranking ezagunak munduko lehenengo ehun unibertsitateen artean kokatu du EHU, matematiken arloan. Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak urtero egiten duen sailkapen hori ebaluazio-irizpide errespetatu eta ospetsuenetarikoa da unibertsitate-munduan. Academic Ranking of World Universities (ARWU) rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketaren eragina eta nazioarteko prestigioa neurtzen ditu. Munduko 500 unibertsitate onenak aurkezteaz gain (horien artean dago EHU), 200 unibertsitate onenak adierazten ditu hamar jakintza-arlotan eta gai zehatzetan. Horrela, Matematiketan, EHU 76. eta 100. postuen artean kokatzen da (1. postutik 50. postura bakarrik antolatzen dira unibertsitateak puntuazio zorrotz baten arabera; hortik aurrera, lau bloketan ageri dira: 51tik 75era; 76tik 100era; 101etik 150era eta 151tik 200era). Espainiako estatuan, Madrilgo Unibertsitate Autonomoak bakarrik gainditzen du EHU, tokiko iturriek zehaztu dutenez. Izan ere, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa 51. eta 75. postuen artean ageri da. Argazkian, Zientzia eta Teknologia Fakultatea.

EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak Matematika Saila integratzen du, "Aljebra", "Analisia" eta "Geometria eta Topologia" jakintza-arloekin, Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Sailarekin batera. Bi sailek Matematika Atala eratzen dute. "EHUko Matematika Atalak ikerketa-lan bikaina egiten du, eta, horrez gain, jakintzaren triangelua eratzen duten hiru aldeetan nabarmentzen da: hezkuntza, ikerketa (oinarrizkoa zein aplikatua) eta jakintza gizartera transferitzea, besteak beste, gizarte-interes handiko arloetan lanean ari diren inguruko entitateekin eginiko lankidetzaren bitartez. Munduko ehun onenen artean sartu izanak lan handi hori erakusten du", adierazi du Fernando Plazaola Ikerketa errektoreordeak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun