Euskaltegien eskaintza
“Emaiozu Euskarari!” izeneko kanpainaren bidez, Itzubaltzeta / Romon egoitza duen udal euskaltegiak maila guztiak eskaintzen ditu, hainbat moduluren bitartez (10 ordu astean, egunean 5 orduko trinkoak…) eta baita teknologia berrien bidezko Boga programa ere. 50 urtetik gorakoentzat, gurasoentzat eta orain arte ikastaro hauetan ibilitakoentzat Euskarazko tailerren eskaintza ere du euskaltegiak. Horien berezitasuna da astean 4, 5 eta 6 ordukoak izatea.
“Euskara praktikoa” lemaren bidez gonbidatzen du Algortako Lauaxeta AEK euskaltegiak euskara ikastera. Maila guztiak eta Boga programa eskaintzeaz gai, mintzamena lantzeko eta goi urratsak lantzeko presio gabeko ikastaroak (EGAbidea) ere baditu. Euskaltegiaren eskaintzan mailak egiaztatzeko azterketak (baita 4. maila ere) prestatzeko eta jubilatuentzako ikastaroak ere daude.
Algortako Jose Antonio Agirre euskaltegiaren berezitasunen artean larunbatetan EGA titulua lortzeko klaseak eskaintzen ditu eta titulurik nahi edo behar ez dutenentzat mintzamena lantzeko taldeak.
Eskaintza berezien atalean honako hiru hauek daude: 6 eta 16 urte bitartekoek Uztarri ume euskaltegietan ikas dezakete, astean hiru ordu eginez; denda eta tabernetako langileei begira lehenengo urratsak ematen lagunduko dien oinarrizko ikastaroa eskaintzen dute euskaltegiek, Dendaketan izenekoa, eta Euskarara hurbildu nahi duten etorkinek ere badute Aisa izeneko eskaintza berezitua; astean lau ordukoa.
Udal laguntzak
Getxoko Udalak euskara ikasteko diru-laguntzak ematen ohi ditu baina une honetan eskatzeko epea amaitu dela jakinarazi du. 2014ko oinarriak onartuko direnean, horien berri zabalduko duela iragarri du Udalak. 2013an, matrikularen %80raino diruz-lagundu zuen Getxoko Udalak, beti ere eskatzaileak ikasturte osoko eskola-ordu guztien %85era joan izana frogatu behar zuela. Aurreko ikasturteetan, Udalak matrikularen %100a finantzatzera heldu zen, hainbat kasu zehatzetan.
Getxoko udal euskaltegiaren matrikulazio esku-orria
AEKren matrikulazio esku-orria
Irailean zehar euskara ikasi eta hobetu nahi dutenek izena emateko epea zabalik dute Getxo udalerriko euskaltegietan, eta urtero bezala guztiek adin guztientzako eta behar eta nahi guztietarako aukera ugari eskaintzen dute, “Eman izena Getxoko euskaltegietan!” lelopean. Pertsona nagusien euskalduntze prozesua sustatzeko eta euskararen erabiltzera zabaltzeko helburuarekin, euskaltegiek hizkuntzaren ezagutza areagotzera laguntzen dute, "baina gaur egun oraindik ere, Getxon, euskaltegiek lan handia egin dezakete euskarak egoera hobea izan dezan, hau da, ez dakiten getxotarrak ikastera animatzeko, eta apur bat dakitenek ondo menperatzeko ikas dezaten”, nabarmendu du Imanol Landa alkateak. Udal mandatariaren aburuz, kasu batzuetan titulua ateratzea beharrezkoa dela eta beste batzuetan euskara aukera berritarako eta esperientzia erakargarritarako leihoa dela. “Aldi berean, gurasoei gogoratu nahi diet beraiek direla etxean euskara presente egotea berma dezaketenak; Getxora bizitzera etorri berri direnei beraientzat ere euskarara eta euskal kulturara hurbiltzea garrantzitsua dela, eta dendariei eta ostalariei euskara kalitate gehigarria dela euren negozioetan”, amaitu du alkateak. Irudian, Getxoko Udal Euskara Zerbitzuak eta euskaltegiek kaleratutako kartela.