Erronka potoloa izango da: Ugeraga, Ander Deuna Ikastola eta Zipiriñe eskolaren entrenamenduak euskaraz burutzea, entrenamenduen kalitatea ere bultzatzen den bitartean. Futbol taldeen kategoriak honakoak izango dira: benjaminak, kimuak eta umeak. Lertxundik saio teoriko eta praktikoak eskainiko dizkie entrenatzaile eta futbolariei: lehenik eta behin saio praktiko eta teorikoak egingo dira entrenatzaileekin (16 entrenatzaile guztira, 11 talde ezberdinetakoak guztiak). 25 orduko saioak izango dira, eta irailean zehar burutuko dira. Bertan, kirol arloko terminologia zehatza ikasi ahal izango dute, entrenamenduak aurrera eramateko erreminta ezberdinak e.a.
Proiektu honen bidez, entrenatzaileek euren entrenamenduen kalitatea hobetzeko aukera izango dira, eta kirolariek kirol arloko euskarazko berbak ikasiko dituzte.
Kiroldegian ere, euskaraz
Martxoan, Aitxu! Euskara Taldeak “Sopelako kiroldegian ere euskaraz” kanpaina abiatu zuen, Udalaren eta Serviocio enpresaren lankidetzarekin. Apirilean kiroldegiko erabiltzaileen artean inkesta banatu zen, jarduerak euskaraz jasotzeko aukeraz galdetzen, eta emaitza oso argigarria izan zen: inkesta bete zuen %80 euskaraz eskolak jasotzeko nahia agertu zuen.
Inkestaren emaitzak kontuan hartuz, Serviocio enpresak honako erabakiak hartu zituen: langileek erraztasunak izango dituzte euren euskalduntzerako, adingabeen ikastaro guztiak euskaraz eskainiko dira, eta areto-jardueren %50 euskaraz eskainiko da (ikasturte amaieran %70era heldu daiteke). Sopelako Udalak kanpaina honetan parte hartu eta lagundu duten eragile guztiak eskertu nahi ditu, oso modu berezian Aitxu Euskara Taldeak eta Serviociok egin duten esfortzua eta lana.