Hamar minutu lehenago emakumezkoen elitezko proba hasiko da, eta parte hartuko duten emakumezko korrikalarien artean azpimarratzekoak dira ondokoak: Isabel Macías, Espainiako txapeldunordea 1500 metrotan eta kirolari olinpikoa; Elena García, Espainiako txapelketako hirugarrena 1.500 metrotan, Iraia García, EAEko kros txapelduna, baita oztopoetako 3.000 metrotan ere; eta Belit Solar, EAEko txapelduna 800 eta 1.500 metrotan. Kategoria honetako errekorra, 2008az geroztik, Kantabriako Iris Fuentes Pilak dauka, bost minutu eta bederatzi segundorekin. EAEko kirolari baten denbora hoberena Leire Medinarena da, bost minutu eta 15 segundorekin, 2011n eginda.
Jakina denez, Getxoko Milia gizonezko zein emakumezkoen maila guztietan korritzen den iraupen-erdiko lasterketa da, txiki eta umeen mailetatik junior, senior eta aipatu elite mailetara.
Álvaro González Kirol zinegotziak animatu ditu “Getxoko herritarrak kirol ikuskizun izugarri hori ikustera eta nahi duten guztiek parte hartzera, egoera fisiko berezia ez delako behar”.
Sendotutako eta kalitatezko lasterketa
Proba sendoa denaren erakusle da, Espainiako Atletismo Federazioaren txostenaren arabera, Estatu mailako milien arteko sailkapenean, Getxokoa 2008an 25. postuan zegoela eta 2012n 12. postua lortu zuela, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Jendearen partaidetza ere areagotzen joan da etengabe. Iaz 400 lagunek parte hartu zuten eta aurtengorako 500 baino gehiago izatea espero da. Ricardo Ansotegi Itxartu Taldeko kirol arloko arduradunak nabarmendu du probaren garrantzia, “elitezko kirolarik ematen duten ikuskizuna izateaz gain, urtez urte Getxoko herritarren partaidetza ere areagotzen ari baita, gazteena eta nagusiena”.
Lasterketaren egunean ez dira izen-emateak onartuko
Milian parte hartzeko izen-ematea doakoa da eta pertsona interesatuek izena, abizenak, jaiotze data, bizi-udalerria, eta kluba edo eskolaren izena eman beharko dituzte hurrengoetan: itxartu.itxartu[abildua]gmail.com; Kantxa Kirol Moda (Torrene) eta Gaztañaga Kirolak (Amezti, 8), ostegunera arte, hilaren 19ra arte. Aurten ez dira irteera-egunean izen-emateak onartuko.