Hala ere, ez ditugu nahastu behar ikuskizunak eta jaiak, beti ez dira bateragarriak eta. Askotan entzuten dugu Bilboko jaiak aurten ez direla oso onak izan, kontzertuak “bigarrenekoak” izan baitira. Zer dela eta? Santa Anako jaietara Rolling Stones badatoz, jaiak munduko onenak izango ote dira? Argi dugu ezetz. Beraz, balora ditzagun festetan dauden beste elementuak: herriko parte hartzea, aniztasuna, identitatea, guztientzako ekitaldiak eta hiritarren identifikazioa, beste askoren artean.
Zoritxarrez, horietaz kutsatuta, herriko jaiek bide bera jarraitu dute askotan. Horren ondorioz, jai asko ikuskizun bilatu dira. Ondorioz, kantari ospetsuena edo modernoa ekarriz gero, jaiak onak ziren, bigarren lerroko kantariekin, ordea, makalak. Herri handiko jaiak, beti gureak baino hobeak omen dira, aurrekontua normalean handia baita.
Horrela zen murrizketak heldu arte. Orain, ordea, ereduak kale egin du. Jai batzordeek artaziak erabili dituzte han eta hemen. Ikuskizun asko bertan behera geratu dira, eta programek nabaritu dute… baina ez hainbeste. Mantendu diren programako elementu gehienak herrikoenak izan dira, beraz, jaiak, iazkoekin konparatu ezean, ondo egon dira. Batzuei, jakina, kontzertuak, su artifizialak, zezenak, berbenak… gustatzen zaizkigu; baina, kendu izan arren, disfrutatu dugu jaietan, herriko jaietan. Kaleko giroa mantendu da, eta barre egiteko eta ondo pasatzeko aukerak egon dira, herriko talde eta kantari askori entzun diogu, batzuek onak, beste batzuek, berriz, jasanezina, baina guztiek eratu dute jaia.
Honekin ez dut esan nahi aurrekontuak sobran daudela, dirua behar baita jai duinak eta onak egiteko, bai jakina. Baina jai-ereduaz pentsatu behar dugu, jakiteko zer nahi dugu eta nora eramaten ditugu jakiak. Dirua behar da, eta eskatu behar zaio udalari, baina garrantzitsuena jaietan herrikoia izatea da, eta, horretarako, dirua ez da bakarra.
Armando Llamosas arkeologo eta blogari algortarrak "Uribe Kostaz hitz egiten" bere blogean pasa den ostegunean argitaratutako artikulua.