Adelina Moya irakasle ohiaren lana Gure Artea sariaz aitortu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ira. 18a, 02:38

Adelina Moyano Valgañon Leioa eta Erandioko Arte Ederretako fakultateko ikerlari eta irakasle erretiratuak Gure Artea saria irabazi du, Ana Laura Alaez eta June Crespo zentro bereko lizentziadun eta artistekin batera. Bart, Gasteizko Artium museoan, ezagutarazi dituzte lehiaketaren aurtengo irabazleen izenak Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak eta Lourdes Fernandez sarien epaimahaiburuak. Hortaz, Leioa eta Erandioko campusari lotutako hiru emakume dira nagusitu direnak. Adelina Moya irakasle eta ikertzaileak, ikusizko arteen arloan egindako lana aitortzen duen modalitatean eskuratuko du urriaren amaieran, 15.000 euroz lagunduta. Ana Laura Alaezen kasuan, bere ibilbide artistikoaren aitormena egin dute. June Crespok, berriz, sorkuntza-lana aitortzeko modalitatean nagusitu da. Alaezek zein Crespok 25.000na euro jasoko dituzte. Argazkian, ezkerrean, Moya iaz Renon burututako idazle topaketan, Jesus Arpal eta Joseba Zulaikarekin batera / cc-by-nc-sa UNR Knowledge Center.

Gure Artea sarien bidez, egin duten lana aitortu eta arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpena onartu nahi zaie irabazleei. Sortzaileak saritzen dira –bai euren ibilbide profesionalagatik, bai azken urte hauetan egin duten sormen jardueragatik– baina baita beste eragile batzuk ere, arte plastikoen edo ikusizko arteen eremuan egin duten jardueragatik.

2013ko Gure Artea sarien epaimahaiburu Lourdes Fernandez izan da, Bilboko Alondegiko zuzendari artistikoa. Horrekin batera, epaimahaiko eledun izan dira: Sergio Prego, artista eta 2012ko sariduna; Azucena Vieites, artista; Ismael Manterola, UPV/EHUko irakaslea, eta Xabier Arakistain, arte komisarioa.

Ikusizko arteen arloan egindako lana aitortzeko Gure Artea saria: Adelina Moya Valgañon (Kordoba, 1944)

Historian doktore eta Leioa eta Erandiokoko Arte Ederretako Fakultatean irakasle titularra, bere borondatez erretiroa hartua, baina ez dio ikerketa lanari utzi. Berak komisionatu dituen erakusketen katalogo andana argitaratu du. Hala nola: "Arte y Artistas Vascos de los años 30" (1986); "Maria Paz Jimenez" (2001); "Jose Alemany, memoria y olvido" (1993); "Sala Stvdio. Una aventura artistica en el Bilbao de Posguerra" (2007). Liburu esanguratsuak ere idatzi ditu: "Nicolas Lekuona y su tiempo. Origenes de la vanguardia artistica en el Pais Vasco", Electa, 1994 eta "Jose Ma Ucelay", Museo Esteban Vicente, Segovia, 2007. Gainera, emakume artisten inguruko artikulu ugariren idazle ere izan da.

Lau urtez "Zehar" aldizkariaren kontseiluko kide izan zen. Euskadiko hainbat arte lehiaketatan epaimahaikide izan da: Gipuzkoako Artista Berrien lehiaketan, edo Gure Artea sarietan, besteak beste. "Jorge Oteiza Nazioarteko lehen Kongresuan" batzorde zientifikoko kide izan zen, 2008ko urrian, eta bertan "Rupturas y restauraciones. Jorge Oteiza en la Tradicion Moderna" ponentzia aurkeztu zuen, oraintsu argitaratu dena. Arte Ederretako Fakultatean “Argazkia-artea harremanak” eta “Emakumea eta artea” ikasgaiak ezarri zituen. Estatu Batuetako Reno-Nevada Unibertsitatean, Jesus Arpalekin batera, William Douglass Scholar del CBS-Center for Basque Studies ikerketa-beka jaso du (2012-2013).

Epaimahaiak, bere ebazpenean, merezimendu hauek aitortu dizkio: azpimarratzekoa da, EHUren Arte Ederretan Fakultatean Historian Doktore eta irakasle titular gisa egiten duen lanaz gain, ikerlari gisa erakusten duen interes eta konpromisoa ere. Bere ikerketek Euskal Herriko abangoardia artistikoen sorrera izan dute ardatz, Nicolas Lekuona (1913-1937) artista kasu. Lekuonak argazkilaritzara hurbildu zuen Moya, eta Jose Alemanyren (1895-1951) argazkietara. Jose Maria Ucelay (1903- 1979), Jorge Oteiza (1908-2003) eta beste zenbait artista ezezagun ere ikertu ditu, hala nola, Maria Blanchard, Angeles Santos, Remedios Varo, Maruja Mallo eta Maria Paz Jimenez (1909-1975) margolari donostiarra. Azken honek, garai haietan emakume eta artista izatearena zailtasunak gainditu behar izan zituen.

Arte munduan memoria historikoaren inguruko ikerketa egiteko eta artisten lana berreskuratzeko erakutsi duen interesak, abangoardiaren testuinguruak eta modernitatea berreskuratzeko ahaleginak, Euskadin artearen historia eta bere genealogien sorrera ahalbidetu dute. Artearen historian memoria berreskuratzeko borondate, inplikazioa eta kontzientzia hori bi aldiz da beharrezkoa, emakume artisten lanari dagokionean. Adelina Moyaren ekarpenak ezinbestekoak dira lehen euskal abangoardietara hurbilketa zehatza egiteko. Bere ikerketa lana gainera, aitzindari da artea eta pentsamendu feministaren arteko harremana aintzat hartzean. Bide horretan, nabarmentzekoa da Arte Ederretako Fakultatean “Argazkia-artea harremanak” eta “Emakumea eta artea” ikasgaiak bere ekimenez sortu zirela.

Ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea Saria: Ana Laura Alaaez (Bilbo 1964)

Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn 1989an, Eskultura espezialitatean. Urte horretan bertan Sestaoko Pintura Sariketa Nazionaleko lehen saria irabazi zuen. Hainbat diziplina landu ditu artista honek, hala nola, eskultura, marrazketa, argazkia, arkitektura, bideoa eta baita musika ere.

1990ean Eusko Jaurlaritzaren Erakusketa Beka irabazi zuen, eta garai horretan bertan Angel Badosen, Sergio Aguilarren eta Juan Muñozen tailerretan hartu zuen parte, Artelekun. Bere lehen lanen artean nabarmentzekoa da 1992an Bartzelonako Joan Miro Fundazioan "Superficie" izenburupean egindako banakako erakusketa. New Yorken bizitzen zenbait urte eman ondoren, Madrilen jarri zen behin betiko, eta hiri horretako Juana de Aizpuru galeriarekin dihardu lanean 1993tik.

1996an Jaurlaritzaren Arte Plastikoen beka lortu zuen. Urte horretan bertan, Caixaren Montcada Aretoan instalazio bat aurkeztu zuen Bartzelonan. Arropa denda bat diseinatu zuen orduko hartan. 1999 eta 2001 artean, Ana Laura Alaezek Vogue aldizkariaren Espainiako ediziaoan kolaboratu zuen, eta gainera NEO2 eta B-GUIDED joera-aldizkarietan moda editorialak argitaratu zituen.

Bere azken lanen artean nabarmentzekoak dira: "Unknowns. Mapping contemporary basque art" Bilboko Guggenheim Museoan, "K-stains" Bartzelonako Asia Etxean, "Marie’s story" Seulgo Space C* aretoan, eta "Empty spaces for the Lab Project at Sharjah Museum", Arabiar Emirerri Batuetan.

Epaimahaiak merezimendu hauek aitortu dizkio bere ebazpenean: Laurogeita hamargarren hamarkadaren hasieratik, eskulturari egin dizkion ekarpenegatik nabarmendu izan da Ana Laura Alaez euskal artearen eremuan. “Femeninotzat” eta “gutxiagotzat” jo izan diren teknika eta materialak aukeratu izanak –bere lanean berebiziko funtzioa beteko dutenak–, espazioaren eta giza-eskalak espazio horretan duen paperaren inguruko ardurak markatutako lana sortaraziko du. Era berean, femeninotasunaren dimentsio performatiboa eta nortasun pertsonalaren bilaketari lotutako auziak ere konstante bihurtuko dira atista honen lanean. Club eszenekin, moda munduarekin, joera-argitalpenekin edo herri musikarekin esperimentatzen duten bere lanak, aitzindariak izan ziren euskal eremuan. Gainera, espazioren inguruko bere ikerketek –Bartzelonako Montcada Aretoa boutique bihurtu zuen, eta Reina Sofia Museoko Espacio Uno aretoa diskoteka– arte erakusketetarako erabili izan diren espazioetako arauak etengabe zalantzan jartzea esan nahi izan dute. Artista honen nazioarteko proiekzio argi erakusten dute Palais de Tokio-n (Paris) edo Helsinkiko Taidemuseo Tennispalatsi-n egin dituen erakusketek, bai eta Busan, Estanbul edo Veneziako bienaletan izan duen parte hartzeak ere. Bere ibilbide artistiko sendoa, erreferente bihurtu da artista belaunaldi berrientzat.

Sorkuntza lana aitortzeko Gure Artea Saria: June Crespo Oyaga (Iruñea, 1982)

Arte Ederretan lizentziaduna da EHUtik; eta une honetan ikerketa bat egiten ari da unibertsitate horretan, "Sormena ikerkuntza gisa" izeneko doktoregoko programaren barruan. Hainbat ikastaro, tailer eta egoitzatan hartu du parte, besteak beste, Artelekun (Donostian), Bilbao Arte eta Azala (Lasierra, Araba) zentroetan. Horietan guztietan, hauek dira nabarmentzekoak: "Lupa e Iman" praktika artistikoari buruzko tailerra, 2005, Arteleku; Topo egoitza artistikoa, Azala eta Artium (Vitoria-Gasteiz) 2012, eta KUB Kunsthaus, Bregenz, (Austria) 2006.

Sormen artistikorako hainbat beka eta arte plastikoen arloko hainbat sari jaso ditu, hala nola: Montehermoso kulturunearen Artea eta ikerkuntza (2010); Bizkaiko Foru Aldundiaren Arte plastikoetarako beka (2009-2010); Bilbao Arte Fundazioaren egoiliar- beka (2006); Iruneko artista gazteen lehen saria (2005), eta Nafarroako artista gazteen biltzarraren lehen saria (2007).

Taldeko hainbat erakusketatan hartu du parte, horietan azkena aurten bertan San Telmo Museoan, “1813. Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzea”. 2009 eta 2011 urteen artean, "Escanografias" (1/2 liburukia) eman du argitara, CO-OP argitaletxearekin; eta banakako erakusketa ugari jarri ditu, besteak beste, "Amatista", Barriek programa, Rekalde Aretoa, Bilbo (2013).

Epaimahaiak merezimendu hauek aitortu dizkio bere ebazpenean: June Cresporen obraren kalitate artistikoa, eta hark azken urteetan euskal artearen panoramarik gazteenean izan duen bilakaera, apartak dira. Era berean, testuinguruarekiko erakutsi duen konpromiso handia ere ekarpen garrantzitsua izan da euskal sorkuntza garaikidearentzat.

June Cresporen lanean ezaugarri nagusi da irudien erreprodukzioaren erabilera esperimentala, bai eta horien ustiapena ere arte grafikoen arloan eta eskultura-instalazioetan. Bere jarduna ikuspegi zabal batetik abiatzen du, "assamblagearen", "collagearen" eta kamerarik gabeko argazkiaren arteko mugan koka daitezkeen objektuak sortuz (escanerrak, inpresioak, fotokopiak eta fotogramak). Objektu eta irudiak euren produkzio eta kontsumo sistematik ateratzen ditu artista honek, horrela, euren asoziazio-aukerak eta esangura berriak sortzeko gaitasunak jokoan ipintzen ditu. Goi kulturak eta behe kulturak uztartzean sortzen diren potentzialtasun narratiboak aldi berean erraztu eta oztopatzea da bere jokoa. Praktika artistiko hauetatik guztietatik erbesteratzeko, jabetzeko eta birkontestualizatzeko hainbat forma sortzen dira, izaera bakaneko lanak sortuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun