Ertzaintzak 23 eta 20 urteko bi gazte atxilotu zituen atzo Urdulizen, higiezinen usurpazio-delitua egotzita. Eusko Jaurlaritzaren
Segurtasun Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, atxilotuek zulagailu baten bidez ireki zuten etxe bateko sarraila eta barrura sartu ziren, okupatzeko. Atzo, asteartea, arratsaldeko 7ak aldera gertatu zen. Ertzaintzak auzokoen abisua jaso zuen, inor bizi ez zen Urdulizko etxe baten barrualdetik hotsak entzuten zituztela eta, aipatu iturriek diotenez. Patruila bat abiatu zen hotsok zertan ziren egiaztatzera. Etxera iritsi eta leiho, ate eta pertsiana guztiak itxita zeudela ikusi zuten. Guztiak bat izan ezik; lehen solairuko leiho bat. Leihoaren kanpoaldean egurrezko palet bat eta aulki bat ipini zituztela ikusi zuten, Segurtasun Sailak adierazi duenez. Etxearen barrualdetik hotsak zetozenez, ertzainak barrura sartu eta bi gazteak aurkitu zituen, gaineratu dutenez. Zulagailu bat, bihurkin bat eta mailu bat erabili omen zituzten sarrerako atearen sarraila indarrez irekitzeko, eta zilindroa aldatzen saiatzen ari ziren, higiezina okupatzeko asmoa zutelako. Ertzainek erremintak kendu zizkieten eta atxilotu egin zituen, ondarearen aurkako delitua egotzita. Polizia izapideak egin eta gero aske utzi zituzten, baina epailearen aurrean agertu beharko dute. Argazkian, okupazioaren aldeko aldarria eskualdean, artxiboko irudi batean.