Australian Munduko Txapelketa irabazi zuen euskal kayak surf selekzioa omenduko dute bihar, osteguna, Bilboko Ein Prosit jatetxean. Ekimena arratsaldeko 8:30ean hasiko da, Zabalgune plazako 7. atarian den ostatu alemaniarrean. Bertan, besteak beste, selekzioko kideak izan diren Oskar Martinez algortarra eta Txema Carreto durangarra izango dira. Kirolari berberek Itxartuk antolatutako hitzaldia emango dute etzi, ostirala, Algortako batzokiko tabernan, 19:30ean. Itsasoko olatuak piragua batez hartzean datzan kayak surf kirola ezagutzeko aukera paregabea emango dute biek, kirolari buruz nahiz txapelketari buruz hitz egingo dutela. Kayak Surf Munduko Txapelketa uztailaren 9a eta 21a bitartean jokatu zen, Australiako Queensland eskualdeko Sunshine Kostan. Bertan, Euskal Herriko 10 arraunlariek taldekako urrezkoan Australia eta Ingalaterrari nagusitzeaz gain, norbanako zortzi domina eskuratu zituzten: urrezko hiru, zilarrezko lau eta brontzezko bat. Horrezkero, euskal taldeak 2007an, Bakion, eta 2011n, Estatu Batuetan, lortutako garaipen nagusiak berretsi zituen. Selekzioa honako kideek osatu zuten: Odei Etxebarria eta Teresa Carranza (junior kategoria), Edu Etxebarria, Julen Arrizabalaga, Urko Otxoa eta Xabi Olano (Open kategoria), Ainhoa Tolosa eta Garazi Iturralde (emakumezkoak) hala nola Oscar Martinez eta Txema Carreto (master kategoria). Argazkian, euskal kirolariak taldekako garaipena ospatzen / ©
EKFB.