Bart mugimendu animalistako bi kide, Eneko Perez getxoztarra eta Silvia Toval, absolbitu dituzte Madrilen. Castilla plazako epaitegietako jujearen ustez, Toval eta Perez 2009ko otsailean Madrilgo Cibelesen moda desfile batean sartu izanagatik zabaldutako kausa epez kanpo geratu da. Perezek berak zabaldu duenez, "epaileak barkamenak eskatu dizkigu, (in)Justizia Ministerioaren izenean". 2009ko ekintzan, animalien "larruzkoen erabilpenaren aurka protesta baketsua egiteko" Cibelesko segurtasun neurriak gainditu eta Groenlandia enpresaren eta Miguel Marinero zein Jesus Lorenzo diseinugileen larruzkoen erakusketan sartu ziren Perez eta Toval. Gainera,
Igualdad Animal taldeak salatu zuenez, segurtasun guardiek bi aktibista atxiki eta jipoitu zituzten, "batzuk saihetsetan, bizkarrean eta buruan ostikadak joz eta mehatxatuz, Polizia etortzearen zain" zeudela. Madrilgo Azoka Erakundeak (IFEMA) animalisten aurkako salaketa aurkeztu zuen desordena publikoengatik. Halere, geroago salaketa kendu eta Fiskaltzak falta auzian utzi zuen afera, Toval eta Perezek guardien aurka jarritako salaketa ere batu zela. Gaur hainbat lagun izan dira Madrilen bi ekintzaileen alde egindako elkarretaratzean. Guztiei adierazitako elkartasuna eskertu die Eneko Perezek. Halere, ohartarazi du urteetako espetxe zigor eskaerak dituen eta
20 lagun baino gehiago auziperatuta dauden auzia hor jarraitzen duela eta ez daukala gaurkoarekin zer ikusirik: "pertsona batzuek bata bestearekin nahasten jarraitzen" dute. Argazkian, Eneko Perez / cc-by Adok Perez - Voemy Factory -
Diagonal