Urubi, apo-hontz eta hontzen kasuan, txitak hegan egiten ikasi aurretik irteten dira habiatik, eta haren inguruan ibili ohi dira, hegaldatuz eta adar batetik bestera jauzika, baina egunek aurrera joan ahala hobeto egiten dute hegan. Txita horietako asko habiatik erortzen direnez, ingurutik dabiltzan pertsonek jaso egiten dituzte eta Aldundiko Base Gorrira deitzen dute (944 465 297), eta handik, gero, Gorlizera eramaten dituzte. Askatu, berriz, jaso dituzten lekutik hurbil askatu ohi dira txita horiek: gautzen denean, amak deitu egiten die eta haien bila ibiltzen da.
Harrapari espezieak Bizkaian
Bizkaiko lurralde historikoan gaueko zazpi harrapari espeziek egiten dute habia: hontz zuria, urubi arrunta, mozolo arrunta, apo-hotz europarra, hontz handia, hontz ertaina eta landa-hontza. Sortzen duten onuretako bat da mikrougaztun kilo asko jaten dituztela; beraz, arratoien kontrako erremediorik onenetakoa dira. Hegazti txikienek –mozoloek eta apo-hontzek–, gainera, gure ortuentzat kaltegarriak diren intsektu handiak ere jaten dituzte, bareak eta sitsak, esaterako. Amaitzeko, aitortu behar dugu eskualde industrializatu askotan ez dagoen aberastasun biologikoa dagoela gurean hegaztioi esker. Dauzkaten mehatxuei dagokienez, nabarmendu behar da galduz doazela habia egiteko dituzten lekuak. Ehiztarien tiroek eragindako kalteak ere aipatzeko modukoak dira.