
Itsasadarraren bi aldeetako bertsolarien arteko desafioa izango da, larunbat honetan, hilak 21, Areetan. Hitzordua 12:30ean jarri dute, Mesedetako jaien barruan eta Bizkaiko Zubiaren 120. urteurrenarekin bat eginez. Transbordador de Bizkaia SL enpresaren eta Getxoko Udalaren laguntzarekin, bertsolaritza espazio berri batera eramango duen ikuskizun bitxi horretan, bertsoen bidez, itsasadarren alde biak lotuko dituzte; hau da, hizkuntza eta zubia izango dira lotura. Bizkaiko Zubiak dituen bi terrazetatik abestuko dute soinu sistema bat erabiliz. Getxoko partean
Algortako Bertsolari Eskolakoek (ALBE) botako dituzte bertsoak eta Portugaletekoan Barakaldoko eta Portugaleteko bertso eskolek osatzen duten Kilika Bertso Eskolakoak eta Zallako Eskolakoak arituko dira. Eskoletako gaztetxoek aurkezpena egingo dute eta gazteek eta ez hain gazteek (puntakoak barne) desafioa egingo dute. Argazkian, Bizkaiko Zubia, artxiboko irudian.