Sopelako Udalak diru-laguntza eskatu du Ander Deuna ikastola eta herrigunea bidegorriarekin lotzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ira. 19a, 17:04

Sopelako Udalak diru-laguntza eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro eta Lurralde Antolakuntza Sailari Ander Deuna Ikastola eta herrigunea bidegorri bidez lotzeko. Tokiko erakundeak abuztuan egin zuen eskaera, eta diru-laguntza jasotzekotan, Udalak proiektua aurrera eramateko konpromisoa hartu du. Aipatu akordioa Sopelako udalbatzak hartu zuen, uztailaren 30ean ospatutako ohiko udal bilkuran, eta aho batez. Proiektu horren behin-behineko aurrekontua honakoa izango litzateke: 515.779,74 euro, eta erakunde biek ordainduko lukete (diru-laguntza ematekotan). Bidegorri eskaera aldarrikapen historikoa da Ander Deuna Ikastolan, udal iturriek zehaztu dutenez. 2010ean, esaterako, “Zentzuz mugitu, hobeto bizi” ekimena sortu zuten, bidegorria eskatzeko. Argazkia: © Sopelako Udala.

Urte bereko irailean, gainera, DBH. 1-eko hainbat ikaslek Udalari “bidegorri seguru” bat eskatu zioten, euren iritziz, “Sopelan bidegorri-sarea oso urria” delako.

Proiektuaren helburu nagusia, beraz, eskaera horri erantzuna ematea da. Edozelan ere, ekimen hau aurrera eramateak ondorio positibo ugari izango lituzke:

- Ikastola eta herrigunearen artean 1,4 kilometroko distantzia dago. Autoa utzi eta bizikleta hartzen duen pertsona bakoitzeko (gutxienez 14 kilometro egunero), kontuan hartuz 36 astetan eskolak ematen direla, urtero 504 kilometro pertsona bakoitzeko aurreztuko lirateke.

- Ordu gorietan batez ere, autoen joan-etorri ugari izaten da ikastetxearen sarreran. Horrek, zirkulazio arazoak sortzeaz gain, C02 emisio eta kutsadura handia sortzen du.

- Kutsadura akustikoa ere nabarmen gutxituko litzateke.

- Egunero kirola egitea oso osasuntsua da, eta bizikletaz ibiltzea alternatiba oso onuragarria da.

- Ikastolara heltzeko bide seguru bat lortuko litzateke. Izan ere, gaur egun ikasle eta langile ugari Ikastolara bizikletaz joaten da, bidegorririk izan ez arren, eta horrek dakarren arriskuarekin.

- Urteetan zehar, Ander Deunako ikasleek bidegorria aldarrikatzeko bizikleta martxak antolatu dituzte, eta eskola-agendako bileretan behin eta berriz eskatu dute. Euren eskaera bat aurrera eramateak gazteek udal eztabaida eta erabakietan gehiago parte-hartzea bultza dezake.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun