Gazte Komunisten Kolektiboek talde bat eratu berri dute Leioa eta Erandioko campusean, hainbat fakultate eta unibertsitate eskolako zenbait ikaslek osatuta. Gauzak horrela, GKKk eskualdean sortu duen bigarren kolektiboa da, otsailean Uribe Kostako taldea abian jarri ostean. Unibertsitateko ikasle komunistek zabaldutako irakurketaren arabera, Estatu espainol osoan "inposatu diren" neurri guztiak urte gutxitan Euskal Herriko Unibertsitatean ere "inposatzen ari dira, pixkanaka. Horrela, sei ikasturtetan matrikulen balioa eta klase bakoitzeko ikasle kopuru kupoa bikoiztu egin dela salatu dute, eskaintzen diren ikasgaien zerrenda eta Jaurlaritzak eskaintzen dituen bekak ere "zorrozki murriztu" diren bitartean. GKKren ustez, Bizkaian eragin handiagoak dituzte neurri horiek, lurralde hau baita Euskal Autonomi Erkidegoan jasaten den langabezia tasa altuena daukana: "gazte bizkaitar askok, erabateko murrizketa ekonomiko horiengatik leporaino egonik, ezinezkoa izan du unibertsitatean sartzea edo karrera uztera behartua izan dira. Beste batzuek, masterren ikasketekin jarraitzeko aukera galdu dute, langabezia ilaretan amaituta, edo kasu hoberenetan behe kualifikazioko lanpostuetan bukatu direla". Argazkian, azken ikasle grebaren irudi bat / © GKK.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!