Bainu eremuen osasun egoera dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak "kontuz bainatzea" aholkatu die Areetako hondartza erabiltzen dutenei. Zehazki, Areetako uretan hamar edo hamabost minutu baino gehiago ez ematea gomendatu du aipatu erakundeak. Osasun Sailak gaur kaleratu du Bizkaiko Bainu Eremuen Kontrol Sanitariorako Programaren eguneraketa eta Areetako hondartzaren bainurako uraren kalitatea "nahikoa" dela antzeman du, eskualdeko beste hareatza guztietan "bikaina" den bitartean. Gainera, Areetan, hondartzaren egoera sanitarioa "hobegarria" dela azaldu dute Osasun Saileko ikerlariek. Eskualdeko beste hareatzen egoera, berriz, "ona" da eta bainua eragozpenik gabe eman daiteke. Ur laginak pasa den astelehenean hartu zituzten. Argazkian, Areetako hondartza artxiboko irudi batean / cc-by Javier Mediavilla Ezquibela.