Igandean ez da autorik ibiliko Algorta eta Areetako erdiguneetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ira. 20a, 18:23

Igande honetan, hilak 22, 08:00etatik 20:00etara, Autorik Gabeko Eguna egingo da Getxo udalerrian, eta ekimen horrek Europako Mugikortasun Astearen barruan antolatutako jarduerei amaiera emango die. Hori dela eta, Algortako eta Areetako erdiguneak itxita egongo dira zirkulaziorako eta horietan hainbat jolas-ekintzak izango dira, tartean, puzgarriak, jolasak, poniak, segway-ak eta tailerrak. Keltse Eigurenek astearen aurkezpenean azaldu zuenez, "pertsonak izango dira kaleetan protagonista nagusiak, ingurumenarekiko abegitsua den mugikortasun jasangarria eta hiri espazio bizigarri eta gizatiarragoaren prestatzea aldarrikatzeko". Igandean debekatuta egongo da zirkulazioarentzat itxitako kaleetan aparkatzea, eta horregatik, Udaletik gidarien laguntza eskatu dute, autoak aldez aurretik kentzeko, bestela garabiak eramango baititu. Bakarrik aipatu kaleetan dauden garajeetatik ateratzea utziko da. Garraiobide publikoentzat eta aldez aurretik Udalaren baimena jaso duten saltokientzat ez da itxiko, ordea. Baimena eskatzeko 944 660 191 telefono zenbakira deitu behar da. Argazkian, haurrentzako jarduerak Autorik Gabeko Egunean Areetan / © Getxoko Udala.

Igandean Autorik Gabeko Eguna dela medio Europako Mugikortasun Asteari amaiera emango badiote ere, aurretik jarduera ugari izango da. Gauzak horrela, gaur arratsaldean, bizikletaz ibiltzen ikasi nahi duten guztiek doako klaseak hartu ahal izango dituzte Evaristo Txurruka moilan emango duten ikastaroan, 18:00etatik 20:00etara. Bihar, berriz, Algortako Xake plazan bizikleta zaintzeko tailerra izango da, 17:30etik 20:00etara. Bertan, parte hartuko dutenei bizikleta zaintzeko funtsezko gaiak azalduko dizkiete. Ikastaroan zein tailerrean izena emateko, aurretik 944 660 191 telefonora deitu edo ingurugiroa@getxo.net posta elektronikora idatz daiteke. Gaur zein bihar ere, udalerriko saltokiek bat egingo dute mugikortasun astearekin, erosketak egiteko bizikletaz mugitzen direnak babesteko. Bizikletaz, talde alai batek Algorta, Itzubaltzeta / Romo eta Areetako denda-kaleak girotuko dituzte gaur eta bihar bizikletaz dabiltzan edo erosketak egiten dituztenei GetxoBizi bizikleta zerbitzua erabiltzeko txartelak oparituz.

Bihar, larunbata, bisita gidatua egingo da Bolueko hezegunera, hegaztiei eraztuna ipintzeko, 10:30etik aurrera, eta bestetik, ordu berean, Azkorriko hondartzatik ostera ekologikoa egingo da, hango ekosistema ezagutzeko.

Azkenik, Iberdrola enpresak Itzubaltzeta / Romoko Ibaiondo kalean jarri duen ingurumen-autobusa aste osoan mantenduko da bertan. Ordenagailu eta bideon bitartez, "modu elkarreragile eta ludikoan energia berriztagarriak" ematen ei dituzte ezagutzera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun