Xabi Libre Eguna egingo dute bihar Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ira. 20a, 19:38

Datorren urriaren 14tik aurrera, Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean beste 39 neska-mutilekin batera. Bakoitzarentzat seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita. Gauzak horrela, larunbat honetan, irailak 21, Xabi Libre Eguna egingo dute Plentzian. Horrenbestez, motor karabana herrian zehar, txupinazoa eta trikipoteoa, bertso bazkaria, mus eta igel txapelketak, epaiketa politikoen aurkako ekitaldia eta kontzertuak egongo dira 11:00etatik aurrera. Gazteen aurkako epaiketaz gain, urriaren 17an abiatuko dute "herriko tabernen" auzia: 36 akusatuen artean dira Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrak eta Izaskun Barbarias urduliztarra. Hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra ere auziperatuta dago sumario honetan. Argazkian, Xabi de la Maza.

Gazte independentisten aurkako azkenaurreko sarekada 2009ko azaroaren 24an abiatu zuten Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak, Fernando Grande Marlaskaren aginduetara. Goizaldean, 35 lagun atxilotu zituzten Hego Euskal Herrian, Segiko zuzendaritzako kideak zirela leporatuta. Egun hartan ez zen atxiloketarik izan Uribe Kostan.

Hurrengo hilabetean, abenduaren 18an, ordea, Xabi de la Maza Peña atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Gorlizen, bere etxean. 21 urte zituen orduan De la Mazak. Aurreko sarekadaren harira "Xabierren izena epailearen autoan ageri zen, eta auzitegira aurkezteko asmoa zuen hori dela eta" azaldu zuen orduan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Inkomunikazio egoera ezarri zioten de la Mazari eta kexka nagusitu zen senide, lagun eta auzokideen artean, "operazio horretan atxilotutako gazte gehienek tortura eta tratu txar ugari salatu" zituztelako. Ordutik, Gorlizen eta Plentzian atxiloketa salatzeko hainbat ekimen burutu zuten.

Hiru egun beranduago, Marlaskak De la Maza espetxeratzea agindu zuen, Segi "erakunde terroristako kide" zelakoan.

Inkomunikazioa altxatu ostean, Xabierrek Poliziaren esku egondako egunetan "etengabeko mehatxuak eta irainak" jasan zituela salatu zuen. Bere gertukoek kontatu zutenez, inkomunikatuta igaro zituen hiru egun haietan "bere burua erruduntzat jotzea bilatzen zuten mehatxuez" aparte, gazteak "galdeketa ilegalak" jasan zituen. Gorlizetik Bilborako trasladoan, poliziek Sopelako hondartzara eramatearekin mehatxatu zutela salatu zuen, "bertan inor ez zegoelako eta berarekin nahi zutena egingo zutelako". Tortura salaketa horiek Alacanteko epaitegiaren aurrean berretsi zituen gazteak, 2010eko uztailaren 13an. Gainera, bera mehatxatu zuten agenteak identifikatu ahal izango zituela ziurtatu zuen gorliztarrak.

543 egun preso eta herritik ehunaka kilometrora eman ostean, eta senideek 30.000 euroko bermea ordainduta, 2011ko maiatzaren 28an kaleratu zuten Xabier de la Maza. Egun horretan egin zioten lehenengo harrera. Ekainaren 4an, berriz, ongi etorri ekitaldia egin zioten Gorlizko eta eskualdeko 200 auzotarrek baino gehiagok.

Xabi Libre Egunaren kartela (jpg)

xabi-libre-eguna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun