Almansak azaldu duenez "auzokideek eta elkarteek udal aferetan beraien partaidetza bideratzen dute sektore kontseiluen bidez. Udal zerbitzuetarako kudeaketa deszentralizatua duten kide anitzeko erakunde horiek txostenak eta badagokie proposamenak egiteko funtzioa dute. Hor datza erakunde horien garrantzia", azpimarratu du.
"Udalbatzak hartutako erabakietatik at Udal Gobernuak sortu dituen eta egun badiren bestelako foro, talde edota kontsulta erakundeek ez dute dagokien legezko berme juridikorik eta, gainera, Udalbatzari konpetentziak usurpatzen dizkiote", ohartarazi du Almansak.
Egun, Udalbatzak onartu eta arautu dituen hiri partaidetzarako hiru erakunde daude: Hirigintza Plangintzaren Aholku Kontseilua, Ingurumeneko Tokiko Foroa eta Berdintasun Kontseilua. PSE-EEren arabera, Udal Gobernuak legezko arauei jarraiki Gazteria, Euskara eta Boluntariotza eta Kooperazio kontseiluak sortu eta arautzeko konpromisoa hartu zuen. "Udalbatzan onartutakoa bete egin behar da", amaitu du Luis Almansak.
2008ko maiatzaren 30ean Getxoko Udalbatzak aho batez hartutako erabakia, hitzez hitz
Toki Araubidearen arloko legeriak eta arauek eta indarrean dagoen gure Udal Araudi Organikoak adierazi bezala, Tokiko Erakundeek hiritarren partaidetza bideratzen dute txostena eta proposamena egiteko eginkizunak dituzten Arlokako Kontseiluen bidez. Kontseilu edo foro hauek udal gaietan hiritarren eta bere elkarteen partaidetza ahalbidetzeko singulartasuna dute.
Hiritarren partaidetzarako organo horiek araupetuta daude Erakundeen Antolaketa, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoari buruzko 2568/86 Errege Dekretuaren 130. eta 131. artikuluetan, bai eta indarreko Udal Araudi Organikoaren 7. eta 159. artikuluetan ere.
Indarreko araudia aplikatuta, hiritarren partaidetzako organoak, osaera, antolaketa eta jardun-eremua erabakitzeko eskumena Korporazioaren Osoko Bilkurak esklusiboki esleituta du.
Gaur egun, hiritarrek parte hartzeko bi organo ofizial bakarrik daude, eskumena duen Udal organoak, hau da, Korporazioaren Osoko Bilkurak onetsita eta araupetuta: bata Hirigintza Plangintzaren Aholku Kontseiluari dagokio eta bestea Ingurumeneko Tokiko Foroari, eta hirugarren bat apirileko Udalaren Osoko Bilkuran onetsi zen baia erregulatu zain dago, Berdintasunaren Arlokako Kontseilua.
Korporazioko Osoko Bilkuraren erabakietatik kanpo era daitezkeen aholku, foro edo lantaldeek ez dute beharrezko babes juridiko eta arauemailerik. Horregatik, beharrezkoa da eskumena esleituta duen organoak egoera bideratzea eta erregulazio egokiak egitea indarreko legezko araudia aplikatuta: Korporazioko Osoko Bilkura.
Ondorioz, Udalaren Osoko Bilkurari proposatu diote hurrengo erabakia hartzea:
1. Getxoko Udalaren Korporazioko Osoko Bilkurak, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoari buruzko 2568/86 Errege Dekretuaren 130. eta 131. artikuluetan, bai eta indarreko Udal Araudi Organikoaren 7. eta 159. artikuluetan ere, esleituta dituen eskumenak betez, erabaki du hurrengo Arlokako Kontseilu hauek eratzea. Hauen xedea udal gaietan hiritarren partaidetza eta bere elkarteena bideratzea: Gazteriako Arlokako Kontseilua, Boluntarioen eta Lankidetzaren Arlokako Kontseilua eta Euskarako Arlokako Kontseilua.
2. Lehenengo puntuarekin bat etorriz, Getxoko Udalaren Korporazioko Osoko Bilkurak gobernu-taldeari eskatzen dio berehala akordio hau izapidetu dezala administrazioko espediente egokia hasita, 2009. urte hasieran Osoko Bilkura honek aipatutako Arlokako Kontseilu horien osaera, antolaketa, funtzionamendua eta eskumenak erabaki ahal ditzan, udal talde politiko guztien artean adostuta".
Bizarra Lepoanek idatzitako "Getxo udalerrirako hizkuntza politika proposamena (2007-2011)" txostenean Euskara Batzordeari buruz esandakoa
"1.2. Euskara Batzordea
Euskararen inguruko politika antolatzeko, gaur egungo Getxoko Euskararen Aholku Batzordea berrantolatu behar da: proposamenak egiteko eta erabakiak hartzeko balio behar du, orain arte baino maizago deitu behar da, herriko hainbat eragileren partaidetza izan behar du eta Udalaren arlo guztiek legez duten batzorde ofizialen parekoa izan behar du.
Beraz, erabakitzailea eta ofiziala izateaz gain, parte hartzailea eta maiztasun handikoa ere izan behar du batzorde honek. Gure ustez, batzorde horri dagokio euskararen udal ordenantzak eta Euskara Plana betetzera zuzendutako proposamenak prestatzea, eta baita garapenaren segimendua, kontrol eta ebaluaketa-lanak egitea ere. Aldiro, ezarritako helburuen betetze maila ebaluatuko du, eta halaber, euskalduntze-prozesuaren edozein fasetan sumatutako atzerapen edo zailtasunak konpontzeko erabaki egokiak aztertuko ditu.
Lan horrek gutxienez hilean behin elkartzea eskatzen du, eta baita partaidetza zabala izatea ere: alderdi politikoak, Euskara Zerbitzuko teknikariak, Udalaren sail eta arloetako euskara arduradunak, eragile sozio-ekonomikoen eta lan munduko ordezkariak, hezkuntza-sistemako ordezkariak, kulturgintzako eta herriko komunikabideetako ordezkariak eta euskalgintzan diharduten bestelako herriko eragileak. Horretaz gain, batzorde honek herritarren parte hartzea ziurtatzeko bideak jarriko ditu martxan.
Behar izanez gero, Euskara Batzordeak udal ordenantzetarako zein Euskara Planerako kanpo auditoretza eskatu ahal izango du".