Berreuskalduntzerik gabe bizikidetzarik ez dela izango dio EHEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ira. 23a, 12:23

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak Nazio Batzarra burutu zuen pasa den larunbatean Ziburuko Baltsan elkartean. Urtero bezala, Euskal Herriko luze eta zabalean diren EHEko taldeetako ordezkariek ikasturte berrirako plangintza eztabaidatu eta onartu zuten. Horrekin batera, eragilearen ekinbide orokorra gidatuko duen norabidea marraztu, oinarri ideologikoen inguruan hausnarketa egin eta lanerako ildo zehatzak definitu zituzten, Nazio Plangintzan. Azken urteetako norabidea mantentzea erabakita, EHEk oinarri ideologikoetan testuinguru politikoaren gaineko irakurketa berria txertatu du "Konponbideaz" goiburupean. Bertan, zoru etikoak, etorkizuneko elkarbizitzarako oinarriak eta enparauak eztabaidagai diren honetan euskararen aferak konponbidean jokatu beharreko papera azpimarratu du. Bestalde, datozen hileotan udal administrazioari eta hezkuntzari begira EHEk sustatuko dituen dinamikek pisu berezia hartuko duten arren, "Euskaraz Bizi" dinamika kokatu dute urte osoko ekinbidearen oinarrian. Ildo horren bueltan ibiliko dira EHEk aurten aurrera eramango dituen ekimen guztiak. Argazkian, EHEren Nazio Batzarra / © EHE.

EHEk 2013-2014 ikasturterako onarturiko Nazio Plangintza

Oinarri ideologikoak

Asimilazio prozesuaz

Euskararen herriak, euskaraz bizi zen herriak, Euskal Herria izena eman zion bera bizi zen lur eremuari. Herri euskalduna bizi den lekua da beraz Euskal Herria. Hori du berezko izaera lurralde honek, herri euskalduna da Euskal Herriaren izana. Horregatik esan izan dugu herri euskaldunik gabe Euskal Herria lur-eremu hutsala izango litzatekeela, oinarrizko nortasun ikurrik gabe geldituko bailitzateke herria.

Hau ederki ulertu izan dute historian zehar lur-eremu hau menperatu nahian ibili direnek. Genozidioa aukera zezaketen, baina hizkuntza ordezkapena ardatz izan duen etnozidioaren bidea izan da nagusiki herri euskaldunak pairatu duena (behar bada ez diegu historian zehar beste biderik utzi). Lur eremua bereganatzeko herriaren izana ordezkatzea izan da menperatzaileen bitarteko nagusia. Ondorioz, asimilazio prozesu etengabea pairatzea egokitu zaigu herri euskaldunari geure lurrean bertan. Gaur egun prozesu horrek aurrera dirau, eta onartzea gogorra izan arren, poliki-poliki helburuak lortzen dihardutela esan beharrean aurkitzen gara. Zergatik diogun aurrera doala?

Orokorrean, frantsesa eta espainiera gure hizkuntza, bertako hizkuntza direla esatera pasa gara. Hizkuntzak jakitea gauza ona da baina hizkuntza hauek asimilazio prozesua bultzatzeko tresnak direla ezin dugu bazter utzi. Euskara berezko hizkuntza bakarra dela esatea baino, euskara eta erdarak bertako hizkuntzak direla esatea atseginago egiten zaigu. Ondorioz, herritarren partetik bata zein bestearen aldeko hautua egiteko orduan, nortasunari baino praktikotasunari gehiago begiratzen zaio. Eta noski, gaur egun nagusi diren erdarak indartzen dira borroka horretan.

Hizkuntza hauen gainean eratutako espainiar eta frantziar nazionalismoak, inplizituki, beraien estatuen baitan biltzen dituzten beste hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta hiztunen ukazioaren sinonimo dira, nazio politiko-kultural etnozidak dira. Nazio hauen defentsa sutsua egiten duten partiduek Euskal Herrian dituzten sukurtsalen eguneroko praktika politikoak, batzuetan zeharka besteetan zuzenean, hizkuntza ordezkapen prozesua elikatzen du.

Egoera hau gainera globalizazioaren testuinguruan kokatu beharra derrigorrezkoa daukagu. Hizkuntza, kultura txikiak txikitzen diharduen munduan bizi gara geu ere. Hondamendi ekologikoekin larritzen gara herritarrak, baina gertatzen diharduen hondamendi etnologikoaren aurrean inork ez dio ezer. Gizateriaren aberastasun handienak galtzen, deuseztatzen dihardugu eta badirudi horrek ez digula axola.

Herria askatzeaz

Zapaltzailea bidea egiten diharduela onartuta, zertan dihardugu zapaltzaileen aurka gaudenok? Herriaren askapen prozesuan dihardugula esango dugu gehienok. Baina nola ulertzen dugu askapen prozesu hori? Herri euskalduna eraikitzeari lotuta edota Euskal Herria lur-eremua askatzeari lotuta? Euskal Herrian Euskarazek argi esan izan du bere sorreratik bi bideak uztartzea ezinbestekoa dela euskaraz biziko den herria berreraiki ahal izateko. Orokorrean ordea, lur-eremuaren askatzeak askoz garrantzia handiagoa izan du. Herri euskaldunaren eraikuntza bigarren maila batean kokatu izan da. Are okerrago, lehenengoa lortze bidean zapaltzailearen hizkuntza erabiltzea ere oso ohiko bihurtu da (horregatik hitz egiten dute “euskararen auziaz”, eta ez euskaraz bizi ezin den herri “euskaldunaren problemaz”).

Abertzaletasunaren sorreraren beretik, euskara 2. mailako osagaia izan da, eta abertzaletasunak euskararen berreskurapenean izan duen garrantzia ukatu gabe, mende luzeko praktika politikoak hori erakusten digu: garrantzitsuagoa da abertzaleen zakura batzea, euskararenera batzea baino. Euskal nazioaren defendatzaile direla dioten arren, ez dute Herri Euskalduna = hizkuntza komunitatea aitortzen, naziotasuna lurraldetasunaren gainean eraikitzen dutelako gainerako herri indoeuroparren gisara: hemen jaio bazara, euskal herritarra zara. Beraz hauen nazioaren subjektua ez da euskalduna, euskal herritarra / hiritarra baizik.

Nazio arazoaren osagarri nagusi gisa euskara kokatu nahian sortu zen EHE 1979an, baina ikusten denez, herri euskaldunaren askatze prozesua gure terminoetan kokatzetik urruti dago oraindik.

Herri mailako aldaketa hau bideratzeko lan ideologiko handia egin beharko dugu, dudarik gabe. Aldaketa politikoak ematera zain gelditzeke, aldaketa soziala indartzen jarraitu behar dugula ulertu behar dugu. Norabide honetan euskal komunitatearen jokabideak aldatzea dagokigu, eta horretarako norbanako bakoitzak autodeterminazio ariketa egin beharko luke ahalik eta askeen zein burujabeen izateko.

Konponbideaz

Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konponbiderako parametroetan ari da kokatzen. Herri euskaldunak bizi duen gatazkak, aldiz, ez dirudi parametro horiek konpartitzen dituenik. Euskararen gutxitzea, euskaldunaren “anormaltasuna”, ez dagozkio euskal hizkuntza komunitateak naturalki egindako hizkuntza hautuari. Hizkuntza ordezkapena asimilazio prozesuaren eta gatazka politikoaren oinarri-oinarrian dagoen heinean herri euskaldunaren aferari bizkar ematen dion konponbidea ez da irtenbide onargarria. Atzera begirakoa egin ostean aurrera begiratzeko egiten den “errelato” edo kontakizunak herri euskaldunari eragindako kaltea onartu beharko du, eta honi ukatu eta zor zaionaren “errestituzio” edo berrezartze historikoa konponbide ororen ezinbesteko osagaia izan beharko da. Era berean, bizikidetzarako proposamen orok aspektu hauek jaso beharko lituzke, ez baldin badugu euskaldunon zapalketa eta menpekotasunean oinarritzen den hala moduzko “bizikidetza” inposatu bat pairatzen jarraitu nahi.

Gure jarduna

Geure buruari begira jarrita, teorian zerbait badiogu, praktikan ere asimilazio prozesua gainditzeari begira gure dinamikak osatu eta indartu beharra dauzkagula ondorioztatu dugu. Beraz, asimilazio prozesua gainditzeko eta euskararen herriaren berreuskalduntze prozesua indartzeko esparru guztietan euskarari lehentasuna ematea da gakoa.

Kontuan hartu behar dugu gure jarduna aurrera eramateko, euskaraz biziko den herria berreraikitzeko eragin egin behar dugula, baina bestetik bidea egitea ere badagokigula:

Maila sozialean, euskaraz bizitzeko hautua indartuz komunitatearen baitan. Euskaraz bizitzeko herri euskaldunak dituen zailtasunek norbanakoengan daukate eraginik nabarmenena. Euskaraz bizitzen saiatzen jarraitzen dugu askok oraindik, baina erdarekiko sumisioa barruraino sartuta daukagu. Egoera horretaz kontziente izan edo ez, berau iraultzeko bideak eraiki behar ditugu. Herri euskaldunak autodeterminazio ariketa egin behar du ezinbestean, euskaraz bizitzeko dauden oztopoak neurri baten gainditzen lagunduko digun ariketa. Honekin batera espazioak euskalduntzea eta gaur egunekoak babestea garrantzitsua izango da.

Maila politikoan, hizkuntza politika burujabea garatzeko herri eskubidea aldarrikatuz. Argi eta garbi esan behar dugu euskarari lehentasuna emanaz, berreuskalduntze prozesua helburutzat izango duen hizkuntza politika behar dugula, eta hori inongo kanpo esku hartzerik gabe Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea daukagula.

Maila juridikoan, euskarak gaur eguneko menpeko estatusak gainditu eta lehentasunezko estatusa behar du Euskal Herri osoan.

Ildoa

Arestian esan bezala, herri euskalduna berreraikitzeko asimilazioari aurre egin behar diogu, eta horretarako euskaraz bizitzeko dinamika indartuko dugu. Beraz, euskaraz bizi dinamika beste dinamika sektorial guztien oinarri izango da, ildo nagusia. Euskaraz bizitzearen aldeko dinamikaren baitan kokatuko ditugu aurtengo ekimen guztiak, eta helburu nagusia EHEren mezua zabalduz euskaldunak aktibatzea izango da. Beste helburuak:
Maila zein esparru guztietan euskaraz bizitzeko hautua indartzea eta baldintzak sortzea euskaraz bizitzeko bidea egiteko. Gure esku dauden esparruetan bidea egitea eta euskaraz bizitzeko hautuarekin batera bestelako mailetan aldaketak eman daitezen eragitea.

Norbanakoengan eragitea euskaraz bizitzeko hautua egin dezaten. Norbanakook talde, herri bat osatzen dugunez dinamikak izaera kolektiboa izan behar du. Horretarako, “Ez zaitez espaloitik jaitsi!” dinamikari jarraipena ematea.

Euskaraz bizitzeko bidea egin ahal izateko maila guztietan euskarari lehentasuna emateko eragitea.
Herri euskaldunaren aldeko lan ideologikoa egitea, bidea egiteko eta borrokarako gogoa, grina eta ilusioa sortzea.

Egingo dugun bidean aurkituko ditugun iruzur eta erasoei erantzutea eta mezu erdaltzaleak neutralizatzea.

Hizkuntza eskubideen defentsa eta aldarrikapena egiten jarraitzea, dagokiguna borrokatzea.
Hizkuntza-politika burujabearen aldeko aldarrikapena egitea.

Dinamika

“Euskaraz Bizi” da gure dinamikaren oinarri, eta ildo guztiak honen baitan kokatuko ditugu.

Guneak euskalduntzeko, arnasguneak sortzeko dinamika.

• Udal administrazioa

- Udalak euskarari lehentasuna emateko eragitea.
- Udalak hizkuntza-politika egokia aplikatzeko eragitea.

• Hezkuntza

- Euskal Herrian eskolak euskalduntzen ez duela agerian lagatzea eta salatzea. “Eredu berriak” barne (TIL, hiruelekoa…).
- Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko proposamenaren zabalpena egitea.
- Euskaraz ikasteko eskubidea, Hezkuntza Sistema Nazionala zein Euskal Curriculumaren aldeko aldarrikapena.
- Erasoei aurre egitea.

• Bestelako guneak eta Kontseiluaren herrietako dinamika.

Udal administrazioari eta irakaskuntzari lehentasuna ematen badiegu ere, bestelako guneetan eragitea ezinbestekoa da:
- Osasun administrazioa.
- Hizkuntza-eskubideen urraketen salaketa.
- Mediku euskaldunen aldeko kanpaina.

• Kontsumoa

- Hiru eskaera merkatal gune handietan: publizitatea, errotulazioa eta arreta euskaraz.
- Herri merkataritza: arreta, errotulazioa, produktuen izenak, menuak, salneurriak… euskaraz.

• Lan mundua

- Enpresetan euskara planak bultzatzeko dinamika.
- Zerbitzua euskaraz jasotzeko eskaera dinamika.

• Besteak

- Hedabideak euskaraz, errenta aitorpena euskaraz, gida baimena euskaraz, justizian euskaraz… Martxan dauden egitasmoen jarraipena eta zabalpena.

• Udalerri euskaldunak

- Norbanakoak: Euskaraz Bizi Eguna.
- “Ez zaitez espaloitik jaitsi!” dinamikaren garapena.

• Hizkuntza-politika burujabea eta ofizialtasuna.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun