Getxoko Udaltzaingoak 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen joandako larunbat goizaldean, irailaren 21ean, bide segurtasunaren kontrako delitu bat egotzita, baimendutako alkohol tasa laukoiztuta gidatzen zuelakoan. Goizeko 4:45 aldera, udaltzainek jakin zutenez, Itzubaltzeta / Romon auto istripu bat izan zen, non ibilgailu batek kaleko farola baten kontra talka egin zuen, ondoren alde eginez. Matrikula-plakako zenbakiari esker, kotxea inguruetan zebilela topatu zuten, atzeko partean kolpe handia eta maletategiko ateko kristala apurtuta zituela. Gainera, Getxoko Udaltzaingoaren arabera, gidariak kotxea zamalanerako gunean gelditu nahi zuen. Behin autoa geldituta, gidaria edari alkoholikoen menpe zegoeneko itxura hartu zioten udaltzainek, "argi ta garbi", polizien bertsioari jarraiki. Gidariari alkoholemia froga egin zioten eta horretan 0,99 mg/l-ko emaitza utzi ei zuen, baimendutako tasaren lau halako, eta horregatik atxilotu zuten, bide segurtasunaren kontrako delitua egitearen akusaziopean. Halaber, zirkulazio istripuaren gaineko espediente zabaldu zuten, kotxeak farolaren kontra talka egiteagatik.