Halere, zuzendaritza lan hori "neure bizi guztian izan dodan lanik txarrena izan da lurrean eduki dodana", zioen 1998an, "norberaren arerio bati ere ezin desio halako lanik. Gogorra, aspergarria, gainera zeure egiten dozuz hainbat jendearen problemak. Neuk eduki dodaz itsasoan 1.300 pertsona, gure untzietako tripulante, bakoitza bere arazoakaz".
Erakundeetan sartuta
1979an, EAJko alderdikideek eratu behar ziren Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagai izatea proposatu zioten eta berak onartu egin zuen. Aukeratuta irten eta batzarkide lez lau urte bete ostean, ganberako presidente izendatu zuten. Bere lehenengo hitzaldian, esan zuenez, "agintaldi honetan foru erakundeok benetakoak dirala eta Bizkaiaren jaurpide eta administrazinoa garai batekoak baino eraginkorragoak izango dirala esan daiteke".
1998an, Batzar Nagusietako Lehendakaritzan emandako hamabi urteetan bizitutakoa azaldu zuen Aurrek: "nik hor gauza asko ikasi dodaz, batez ere pertsonak danok garela antzerakoak. bakoitzak geure ideiak daukoguz; horrez gain, hori alde batera uzten badogu, ez dago diferentzia handirik batetik bestera. Gainera beste gauza bat, hor isilpean, isiltasunean lanean ibili garenok bata bestearenganako halako mesfidantza edo errezelo antzeko izaten genduan, uste genduan, esate batera, komunistak bitxi-bitxiak zirala, ez genkian nortzuk ziran, baina ia-ia buztana eukiela, holan esateko, ez horrela uste gendulako, bagenkian pertsonak zirala, arrazoimenak geure artean ere funtzionatzen dau gutxitan bada ere, baina ulertzeko balio leike".
Lan kulturala
Sabino Arana fundazioan eman zituen ondorengo urteak Aurrek, "gure herriaren kulturari buruz lan egiteko, batez ere gure historia, gure kultura, gure ekandua, gure izaeraren inguruan lan egiteko" xede zuen erakundean, alegia. Fundazioaren zein Abertzaletasunaren Agiritegi Historikoaren sorrera sustatu ondoren, bertako presidentea izan zen 1995 eta 1999 artean. Garai horretakoak dira Juan Mari Atutxak plazaratu dituen gogorapenak. Fundazioaren egungo presidenteak "kapitain handitzat" jo du Aurre zena, "itsasoan nahiz lehorrean". Hori dela eta, penatuta agertu da, Aurreren heriotza "fundazioarentzat nahiz sendi nazionalistarentzat galera handia" delako. Tartean, "zorigaiztoko" burmuin infartu batek gurpil aulkian "makalduta" utzi zuela gogoratzen du Atutxak. Handik aurrera, Sabino Arana fundazioko ohorezko presidente izan zen Aurre, atzo zendu zen arte.
Sabino Arana fundazioak argitaratutako bere azken artikuluan, bestalde, eraikuntza nazionalaren prozesuaren bultzada euskal nortasunaren garapenetik baino ezin daitekeela etorri esan zuen Aurrek, nortasun horren ezinbesteko erreferente herri bezala daukagun memoria kolektiboaren garapena dela nabarmenduz.
Euskaltzale eta kulturgilea
Andoni Ortuzar Euzkadiko Buru Batzarreko presidenteak "alderdikide bikain" gisa gogoratzen du Anton Aurre, "euskaldun eta abertzale benetan eredugarria, bizitza osoan euskara eta euskal nortasuna sustatzeko lana egin zuen. Txistularia, euskaltzalea eta Algortako Ikastolako presidente", besteak beste.
"Euzko Alderdi Jeltzalearen isilpeko alderdikide izan zen eta bere borroka eta ekimena euskararen defentsan eta euskal folklorea hedatzeko ekimena gauzatu zuen. Ez dut sekula ahaztuko, urteroko Sabino Arana Sariak emateko ekitaldi batean, Antonek txistua jo zuela Urkullu lehendakariarekin eta Fundazioko beste kide batzuekin. Beste batean ere, elkarrekin joan ginen Santoñara frankistek Duesoko espetxean fusilatu zituzten presoak omentzera. Antonek orduko hartan esandakoak gogoratzen ditut, iragana gogoratu zuen, baina etorkizuna hobea bermatzeko besterik ez. Zuhaitza landatu zuen bertan, bere lan eta konpromisoaren fruitu diren beste hainbat gauzarekin batera, bere oroimena bizirik mantentzen lagunduko diguna”, azaldu du Ortuzarrek.
Bestalde, Batzar Nagusietako egungo presidente Ana Madariagak Ajangizko semearen omenezko berba batzuk izan ditu gaurko saioan. Halaber, minutu bateko isilunea gorde dute batzarkideek.
Anton Aurreren hainbat argazki (© Sabino Arana Fundazioa eta Bizkaiko Batzar Nagusiak)