Gizarte ekimeneko ikastetxeetako negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiek "oso larritzat" jo dituzte EAEko itunpeko irakaskuntzako patronalek 2010eko maiatzetik aurrera hartu dituzten erabakiak. Horrela, Eusko Jaurlaritzak kontzertazio moduluak murrizteko erabakiaren aurrean, itunpeko irakaskuntzako patronalek "murrizketa hauen zama nagusiena sektoreko langileen bizkarrean" jartzea erabaki zutela salatu dute, "inolako elkarrizketa eta negoziaziorik izan gabe eta soldatak murriztuz".
"Auzitegiek instantzia gorenetan langileen ordezkarioi arrazoia eman dietenean ere, patronalek bata bestearen atzetik etorri diren epaiak betetzeari uko egin diete behin eta berriro, oraindik ere 2013an zor dituzten kopuruekin gertatzen den moduan", kritikatu dute.
Sindikatuotako arduradunek azaldu dutenez, Kristau Eskolak eta IZEAk EAEko hitzarmenaren negoziazio mahaia bertan behera uztea erabaki zuten eta estatuko hitzarmena ezartzeko bere asmoa agertu. Erabaki hau epaitegien aurrean salatua izan da eta epaiaren zain daude.
"Ezarritako gatazka kolektiboak izan dezakeen ibilbidetik aparte, ordea, sektorean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok oso larritzat jotzen dugu patronalak Auzitegi Gorenaren aurreko epaia betetzeko asmorik ez izatea, murrizketak inposatzen jarraitzea eta oraindik ere zor dituzten soldatak ordaintzeari uko egitea. Hau honela, ordea, are larriagotzat jotzen dugu negoziazio mahaia bertan behera utzi izana eta EAErako hitzarmen berri bat helburu duen negoziazioari berriro ekiteko inolako asmorik ez izatea", adierazi dute.
Mobilizazioak
Egoera honen aurrean, sektoreko sindikatu guztiek langileei mobilizaziorako deia egin diete, Kristau Eskola eta IZEA patronalei "murrizketak alde batera utzi" eta EAEko hitzarmenaren negoziazioari ekin diezaiotela eskatzeko, "inolako murrizketa planteamendurik gabe eta beharrezko diren aplikazio bermeekin".
"Era berean, sortu den egoera larrian ardura zuzena duela uste dugulako eta egoerak honek ia hezkuntza sistemaren erdiari eragiten diolako, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu bitartekaritza lana egin eta gatazka honi konponbidea aurkitu eta hezkuntza sistemari eta langileen egoerari egonkortasuna emango dion irteera bidea aurki dezala", azaldu dute.
Horregatik guztiagatik, mobilizazio jarraituak planteatu dituzte datozen hilabeteetan, greba egun, lanuzte, manifestazio edo elkarretaratzeak deituz. Lehenengo hitzordua irailaren 26an izango da, sektore osorako greba eguna deituz. Deialdi horrek jarraipena izango du urriaren 21etik 25erako astean lanuzteak, manifestazioak eta elkarretaratzeak deituko dituztelarik.
Aldarrikapenek erantzunak izan ezean, beste mobilizazio astea deituko dute azaroaren 25etik 29ra, ikastetxe bakoitzean egin daitezken ekimenei ate irekiak utziz eta adierazitako datetatik aurrera mobilizazioei jarraipena emateko aukera irekiz.
Kristau Eskolen jarrera
Greba deialdia ezagutu aurretik, Kristau Eskolak egungo soldata baldintzei eutsiko diela adierazi zien langileei. Pasa den uztailean Ez Ohiko Batzarra egin zuen erakundeak Barakaldon. Batzar hartan, ikastetxeetako zuzendaritza eta titularitate taldeekin bilera egin zuten EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen Hitzarmen Kolektiboaren indarraldia amaitu ondoren geratzen den egoerari nola aurre egin komunikatzeko. Bertan azaldu zutenez, Kristau Eskolek "argi utzi" zieten langileei ez dutela "egoera baliatu nahi Estatuko hitzarmenaren baldintzak indarrean jartzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketaren araberako soldata baldintzei eusteko irizpidea eman" zutela, "horixe delakoan iraunkortasuna bermatzeko modu bakarra. Estatuko Hitzarmenaren araudiarekin alderatuta hobekuntzak dituen Gizarte Ekimeneko Hitzarmenean bildutako zenbait baldintzari eusteko erabakia ere" adierazi zuten.
Sindikatuekin murrizketek sortutako diferentzien inguruan adostutako akordio partzialaren inguruan ere argibideak eman zituzten, 2012ko abenduak 31a arte pilatutako atzerapenak langileek nola jasoko dituzten azalduz. Akordio horren ondorioz ikastetxe askok bere ekonomia egoera larritu zutela ere azpimarratu zuten.
Hortaz, Kristau Eskolek, "lan hitzarmeneko mahaian hitzarmen egonkor bat bilatzeko proposamena egin" zutela diote, "itun modulua eta ordainsariak lotuta; azken batean, itundutako hezkuntza arautzen duten gainerako Estatuko hitzarmenek egin duten bezalaxe. Aldi berean, Kristau Eskolek instituzioekin maila politikoan lan egiten jarraituko dutela nabarmendu zuten, nahikoa ez den finantzaketa baldintzak hobetu ahal izateko".