Obren ostean, eremua horrela geratuko da: Gobela eta Lemotza ibaien artean bertako espezieen baso bat sortuko da, ibai bien artean babestutako putzu bi sortuko dira eta hori guztia lotuz ibilbide basati bat sortuko da auzokideek bertatik pasatzeko aukera izan dezaten. Herri-lanak, beraz, Urko paduraren iparraldean egingo dira. Eremu honek uholdeak jasotzeko arriskua du, eta hori dela eta, kirol-azpiegitura gehiago eraikitzeko asmoak bertan behera utzi dira.
Urkoko biodibertsitatea handitzeko asmoz, honako ekintzak burutuko dira:
- Bertako espezieen baso bat birtsortzea: Gobela eta Lemotza ibaien alboan bertako espezieen zuhaitzak landatuko dira. Barruko aldean haritzak landatuko dira.
- Putzu bi sortu: erdiko gunean putzu bi sortuko dira, eta gune hezeak izango dira, biodibertsitatea handituz.
- Landare inbaditzaileak agertzea ekidingo da. Birsortzea da modurik onena horrelako espezieak agertzea eragozteko.
Ekimen hauek eremu honetako habitatak hobetzea ekarriko dute, eta honek lagunduko du mehatxupean dauden espezieak eremu horretan agertzea (anfibioak, hegaztiak, eta abar).
Landatzea, auzolan bidez
Beraz, aurrerantzean Larrabasterrako auzokideek beste inguru natural eta berde batez gozatzeko aukera izango dute. Gainera, sopeloztarrek proiektuan parte hartzeko aukera izango dute, auzolan bidez. Abendu hasieran landatze bat egingo da eta beharrezkoa izango da auzokideen laguntza. Hitzordua abenduan izango da.
Proiektu hau Sopelako Udalak bultzatu du eta La Suma Paisajistas taldeak egin du. Bere kostua 191.021 euro + BEZa izango da, eta Eusko Jaurlaritzak zein Bizkaiko Foru Aldundiak %80 ordainduko dute, Udalak diru-laguntza eskatu zuelako.