Ostegun honetan, irailak 26, galdu ezinezko hitzordu bat izango da Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. Gotzon Barandiaran idazle larrabetzuar ezagunak "Errotik" bere azken liburua aurkeztuko du. Horrela, bertara gerturatzen diren lagunek literatur solasaldiarekin gozatzeko aukera izango dute. Azken hilabeteetan Pako Aristi eta Uxue Alberdi egon dira Sopelan, eta hurrengo hilabetean, aldiz, Harkaitz Canoren txanda helduko da. Langileen adorea, zanpaketaren gordinkeria, erresistentziaren ederra, familiaren estura, borrokaren zaila, mendekuaren bihozkada dira Gotzon Barandiaranen lehen nobelako gaiak. Bilboko Euskalduna ontziolan 2.461 langileetatik 200entzako tokia besterik ez zela izango adierazi zuen Espainiako Gobernuak 1984an, birmoldaketa asmoak abian jarri zituenean. Txikizioaren aurrean kalera atera ziren beharginak protestan eta borrokan, faktoriaren eraistea galaraztearren. Ankerra izan zen Agintaritzaren erantzuna: atxiloketak, zaurituak eta hildakoak. Argazkian, Gotzon Barandiaran idazlea / © Sopelako Udala.