2012ko maiatzaren 3an abiatu zen hirugarren udal euskara plana onartzeko prozedura eta horren zirriborroa aberasteko asmoz, 242 ekarpen aurkeztu zituzten udalerriko hainbat bizilagunek, elkartek eta hedabidek, tartean "UK" aldizkaria, Justuri irrati egitasmoa eta Ukberri.net-ek. Hiru komunikabide horiek aurkeztutako proposamen gehienak baztertu bazituen ere, EAJk Euskararen Ordenantzak idazteko konpromisoa hartu zuen lehen aldiz. Neurri hori 2007tik aldarrikatzen zuten euskalgintzako taldeek.
Plana 2016ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean eta epealdi honetan hainbat jarduera bultzatuko ditu, Udal Gobernuaren arabera: euskararen jabekuntza, erabilera eta elikadura sustatzeko, hain zuzen ere, hainbat esparrutan, horien artean, irakaskuntzan, administrazioan, lan-munduan, hedabideetan, kirolean eta aisian, kulturan, teknologia berrietan eta abar.
Uztailean Udalak azaldu zuen "herritarrekin, elkarteekin, Getxoko Udaleko sail desberdinetako teknikarirekin eta alderdi politikoekin, bereziki, euskara mundukoekin aurkezpen publiko ugariren bitartez egindako kontraste prozesu baten ondoren, ESEPa udalerriko hizkuntza-errealitateari egokitutako testua" dela, "denbora berrietara egokitzeko asmoarekin landua eta euskararen erabilera sustatu nahi duena, bereziki honako hiru faktore hauek kontuan harturik: gazteak, etorkinak eta euskara ezagutzen ez dutenak".
Koldo Iturbe Euskara zinegotziaren ustez, "ESEPa euskara normalizatzeko hurrengo urteotan jarraitu beharreko bidea da, guztion aldetik esfortzua eskatzen duena eta baita laguntza eta adostasun handiak ere. Besteak beste, nabarmendu nahi ditugu martxan jartzeko eta garatzeko gizarte zibilak eta euskalgintzak eduki duten, duten eta edukiko duten protagonismoa, bereziki horiek gabe, ezin izango delako Getxo euskaldunago eraiki. Horrela izan da orain arte eta horrela aldarrikatu behar dugu. Udala, beste agenteekin batera, euskara sustatzeko baliabidetako bat da eta apustu horretan indarrak batu nahi dituztenekin egingo dugu bat”.
Iturbek azaldu zuenez, “euskara euskaldun guztion ondarea da, baina batez ere komunikatzeko baliabidea da eta ikusgarriago egiteko asmoa dugu eta baita gizarte getxotarrean bere erabilera sustatzeko ere. Garrantzitsua da orain arte burututako ibilbidea balorean jartzea, Getxo euskaldunago egiten bere fruituak eman dituelako, oraindik asko egiteko falta dela onartzea justua izan arren”.
Getxoko Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (2013-2016)