47 euskal artistaren lanak ipiniko dituzte ikusgai Getxoko dendetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ira. 26a, 16:44

Getxoarte arte garaikideko erakusketa udaleko kultura egitaraura bueltatuko da aurten formatu berriarekin; iaz bi urtean behin egitea erabaki ostean. Urriaren 1etik 31ra 47 euskal artistak beren lanak erakutsiko dituzte Areeta, Itzubaltzeta / Romo eta Algortako beste hainbeste merkataritza eta ostalaritza lokaletan, Getxoko Kultur Etxekok zehaztu duenez. Horietan, bisitariek mota askotako lanak ikusteko aukera izango dute: pintura, arte digitala, eskultura, grabatua, ilustrazioa eta marrazkia, besteak beste. Ibilbide hasi berri honetan, Getxoartek artea hurbileneko ingurunera eramango du, Getxo udalerriko merkataritza guneetara alegia, eta parte hartuko duten artistek beren obrak publiko heterogeneo bati erakutsi ahal izango dizkiote, eta bertako saltokien erabilera azkeneko joera artistikoen ezagutzarekin bateragarri egin ahalko dute. Getxoarteren helburua "euskal sortzaileen lana sustatu eta zabaltzea da eta, hala, haiek egindako lanaren hiri-erakusleiho bihurtzea, publikoak era guztietako proiektu pertsonalak ezagutzeko aukera izan dezan", tokiko kultur iturriek adierazi dutenez. Erakusketa horren bitartez, euskal sorkuntza garaikidearen erradiografia bat eskaini nahi da, zabalik dagoen leihoa izan dadin behaketa libreak, hausnarketak eta gaurkotasunari buruzko eztabaidak garrantzi handia duteneko lanentzat. Argazkian, artista bat Getxoarten, artxiboko irudian / © Getxoko Kultur Etxea.

Aldi berean, hizkuntza eta kode artistikoei ikuspegi ezberdinak eransten dizkieten obrak hurbiltzen zaizkio jendeari, egungo jarduera artistikoaren joerak nahiz planteamenduak erakusten dituztenak. Getxoarte, hortaz, euskal sortzaileen egungo adierazpen plastikoei zabaldutako leihoa da, eta haien azken sorkuntzak era guztietako jendeari erakusteko aukera ematen zaie. Artista guztiak epaimahai espezializatu batek aukeratu ditu eta, oraingoan parte hartzeko adin-mugarik jarri ez arren, parte-hartzaile gehienak gazte sortzaileak dira, haietako asko Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean ikasitakoak.

Artea jendeari era didaktiko eta hezigarrian hurbiltzeko, Getxoartek arte ederren munduko profesionalek egindako bisita gidatuetan izena emateko aukera emango du; horien bidez bisitariei ikusgai jarritako obra guztia erakutsiko zaie. Bisita gidatuak eta bina egunetan egingo dira, Areeta-Itzubaltzeta / Romo eta Algortan, euskaraz zein gaztelaniaz, urriaren 17an eta 19an.

GetxoAktibatu!

Getxoarte 2013 GetxoAktibatu! ekimenaren barnean sartzen da. Ekimen horretan kirol, kultur eta aisialdiko ekitaldien programa zabala dago eta udalerriko merkataritza-kaleak dinamizatzea du helburu. Getxoko Udalak sustatzen du Getxo Kirolak-en, Kultur Etxearen eta Getxolan- Ekonomia Sustapenerako eta Enplegu Zerbitzuen bidez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun