EAEko 250 ikastetxeetatik gorako ia 12.000 langile zeuden deituak grebara itunpeko irakaskuntzako gizarte ekimeneko patronalak ezartzen ari diren murrizketak salatzeko eta hitzarmena eta bere aplikazioa ikastetxe guztietan eskatzeko. Greba deitu duten sindikatuen arabera, deialdiak "oso jarraipen zabala" izan du eta ia sektoreko ikastetxe guztietan izan du eragina, salbuespen gutxi batzuk izan ezik. Ikastetxe askok ixteko erabakia hartu zuten aurreko asteetan burutu diren bileretan, baina, sindikatuen arabera, "Eusko Jaurlaritzak inposatu dituen gutxieneko zerbitzuek irekitzera behartu dituzte langilerik joan ez den arren".
Orokorrean, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, langileen %80tik gorak eman dio babesa grebari, eta milaka pertsonak hartu dute parte Donostia, Gasteiz eta Bilbon burutu diren manifestazio jendetsuetan. Grebara deitu duten ELA, CC.OO., EILAS, LAB eta UGT sindikatuek oinarrizko hiru eskakizun egin dituzte: patronalek alde bakarrez urraturiko hitzarmena betetzea eta langileei zor dietena ordaintzea; hitzarmenaren negoziazioa aurreko hitzarmenetik abiaraztea; eta lan erreformaren aurrean ikastetxe bakoitzean EAEko hitzarmenaren edukia beteko dela bermatzea eta hurrengo hitzarmena sinatu bitartean honek balio izatea.
Era berean, "sortu den egoera larrian ardura zuzena" duela uste dutelako, eta egoerak honek ia hezkuntza sistemaren erdiari eragiten diolako, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote bitartekaritza lana egin eta gatazka honi konponbidea aurkitu eta hezkuntza sistemari eta langileen egoerari egonkortasuna emango dion irteera bidea aurki dezala. Gaurko grebaz gain, sindikatuek ikastetxe bakoitzean mobilizazioei jarraipena ematera deitu dituzte langileak, eta gogoratu dute beren aldarrikapenei erantzuna eman ezean, urriaren 21etik 25erako eta azaroaren 25etik 29rako asteetarako lanuzteak, elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituztela. ELAk sektoreko ordezkaritzaren %58 dauka, CCOOk %16, EILASek %14, LABek %6 eta UGTk %3.