Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimendu euskaltzaleak
"Hizkuntza eta burujabetza" dokumentala izeneko bideo dokumental laburra zabaldu berri du, "Diadako olatuaren osteko mezuen zurrunbiloa baretzen hasi den honetan". Izan ere, iragan irailaren 11ko Diadan, Biltzar Nazional Katalanaren deialdiari erantzunez ehunka mila kataluniarrek burujabetzarako bidea irudikatu zuten giza-kate baten bidez. EHEko zenbait kide bertan izan zen eta galdera bat luzatu zieten parte hartzaile katalan zein euskaldunei: "ze paper jokatzen du hizkuntzak hautu burujabean?". Bideoan, 10 minututan, Bartzelonan topatutako herritarrek, alderdi politikoetako ordezkariek, kulturgintzako partaideek zein herri mugimenduetako kideek emandako erantzunak biltzen dira. EHEren ustez, "Kataluniak burujabetzara iristeko bidea marraztu berri du. Euskal Herrian askok ditu begiak bertan jarrita, baina badirudi Kataluniaren burujabetzaz jardutean lur eremu konkretu bat askatzeari erreparatzen zaiola soilik. Burujabetzaren hautuan, han eta hemen, badira mapan agertu ez arren aipatu beharreko loturak, mugak eta kateak". Hizkuntz gatazka haietako bat da, EHEren iritziz. Argazkian, EHEk deituta, milaka lagunek parte hartu zuten 2012ko martxoaren 17an Donostian ospatutako Euskaraz Bizi Egunean / © Euskal Herrian Euskaraz.