Beraz, tailerrean kale-ekintza hori prestatuko dute, astean edo hamabost egunean behin Kurtzio Kultur Etxean elkartuz (aldizkakotasuna parte-hartzaileek erabakiko dute). Edozelan ere, kale-ekintza espazio publiko batean egingo da. Izan ere, antolatzaileek azpimarratu dutenez, “kalean egingo da jendearen arreta piztu gura dugulako. Horregatik izango da azaroaren 22an, ostirala delako, jende gehiago egongo delako kalean eta gainera azaroaren 25eko testuinguruarekin kokatzen dugulako”. Ondorioz, ideia eragitea da: “Ez gaude ohituta horrelako ekintzak ikustera, eta horrek hausnarketa egitera lagunduko du. Horrela, bakoitzak bere buruari galdetuko dio: Zerikusirik ote dut nik egoera honekin? Zer egin dezaket egoera hau aldatzeko?”, gaineratu dute.
Gizonezkoak ere, noski, tailerrean parte-hartzera gonbidatuta egongo dira. “Bai, mesedez. Adin, genero eta ezaugarri ezberdinetako sopeloztarrak behar ditugu. Bakoitzak bere bizipen eta beharrizanak dituelako. Biolentzia sinbolikoaren inguruan errepikatzen diren prototipoak hemen, Sopelan, azalarazi nahi ditugu”, adierazi dutenez. Beraz, auzokide guztiak tailerrean parte hartzeko aukera izango dute, hala nahi izanez gero. Gainera, umorea ere ez da faltako: “Gaia oso serioa da baina iraultzen eta ondo pasatzen saiatuko gara. Arropa erosoa eramatea gomendatzen dugu, tailerra dinamikoa izango delako, adierazpena landuko da, sormena... ideiak barru-barrutik sortuko dira”, antolatzaileek diotenez. Lehenengo hitzordua urriaren 6an, barikua, 18:00etan Kurtzio Kultur Etxean izango da. Informazio gehiagorako: educa.bizkaia@medicusmundi.es