Pete T. Cenarrusa Gardoki Idahoko (AEB) Estatu idazkari ohia zendu zen atzo, Boisen, hiru urtez minbiziaren aurka borroka egin eta gero. 95 urte zituen. Agintari errepublikanoak harreman estua izan zuen beti Euskal Herriarekin, eta euskararen eta euskal kulturaren eta politikaren sustatzaile oparoa izan zen AEBetan. Izan ere, Careyn (Idaho) jaio zen arren, gurasoak Gernikakoak ziren, eta berak ere bazekien euskara. Dozena bat aldiz izan da Euskal Herrian. 2001. urtean, Sabino Arana saria jaso zuen, eta, 2010.ean, Bizkaitar Argia izendapena. 1977. urtean, Euskal Herrira etorri zen, Francisco Franco diktadorea hil eta gero egindako lehen hauteskunde demokratikoetan begirale lanak egiteko. Bere izena duen fundazioak Euskal Ikasketen Zentroa sortu zuen Boiseko Unibertsitatean, 2003. urtean. Mundu osoan euskal gaietan ikasle gehien dituen zentroa da hori.