Leioa eta Erandioko campuseko Ikasle Abertzaleak taldeak
gaurko atxiloketak salatzera deitu du. "Atxiloketak eten!" lelopean, manifestazioa egingo dute aipatutako campuseko Mikel Laboa plazatik goizeko 11:30ean. Izan ere, Guardia Zibilak Herrira mugimenduaren aurka gaur goizean abiatutako sarekadaren aurrean "herriaren erantzun bizkorra behar" dela zabaldu dute ikasleek. Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere, mobilizazio bana izango da gaur bertan. Bilbori dagokionez, 20:00etan elkarretaratzea izango da, Arriaga plazan, Herriraren egoitzaren aurrean. Gutxienez, 18 pertsona atxilotu dituzte, Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioak zabaldutakoaren arabera. Herrirak Bilbo, Gasteiz, Hernani eta Iruñean dituen egoitzetan sartu dira poliziak eta bertan miaketak egiten ari dira. Internetez ere Herrira isiltzeko saiakera egin dute, Eloy Velasco epaileak Twitterreko 32 profil, Facebookeko 125 eta 38 wegbune ixtea agindu duela. Argazkian, guardia zibilak Herriraren Bilboko bulegora bidea ixten / ©
Sare Antifaxista.