Larunbat honetan, urriak 5, Txitxiburruntzi Jaia ospatuko dute Leioan,
Berbalamiñe tokiko euskara taldeak antolatuta. Gainera, azkenengo bi urtetan Lamiakon eta udaletxeko plazan egin ostean, jatorrizko lekura bueltatuko da ospakizuna, hau da, San Bartolome auzora. Horrenbestez, 11:00etan hasiko da jai eguna, dultzaineroen eskutik. Ordu berean, haurrentzako jolasak izango dira. 12:30ean, berriz, Gure Ohiturak dantza taldearen erakustaldia egongo da. Eta ordu erdi beranduago txitxiburruntzia. 14:30ean larraindantza egingo dute eta 15:30ean indaba jana. Azkenik, 17:30ean, erromeria izango da, Alaiki taldearen eskutik. Asteazkenera arte egongo da bazkarirako txartelak hartzeko aukera, 15 eurotan, Lamia AEK euskaltegian, Kurkudin eta San Bartolomeko kultur etxeko tabernan. Argazkian, auzotarrak dantzan, aurreko Txitxiburruntzi Egun batean.