Sopelako Udal Gobernuaren oharra
Sopelako Udal Gobernua Herriraren kontrako erasoaren aurrean
Atzo euskal presoen eskubideen alde jarduten duen Herrira mugimenduaren aurka burutu zen polizi operazioaren inguruan, honakoa adierazi nahi dugu:
- Lehenik eta behin, gure besarkadarik estuena eta elkartasun osoa atxiloturiko 18 lagunei.
- Presoen eskubideen errespetuaren aldeko euskal jendartearen gehiengo zabalaren aldarrikapena kaletik ateratzeko saiakera bat da polizi operazio hau. Euskal presoei dagozkien eskubideen aldarria kriminalizatu eta desagerrarazi nahi du Estatu espainiarrak.
- Presoen auzia erabiltzen du Estatu espainiarrak konponbide prozesua blokeatu eta zapuzteko. Bakearen aurka erabiltzen du Estatu espainiarrak euskal presoei ezartzen dien espetxe politika kriminala.
- Euskal Herria osoaren aurkako operazio bat da hau, konponbide eta bakearen aurkakoa . Beraz, polizi operazio honek herri bezalako erantzun zabal bezain irmo bat behar du.
- Horrela bada, bi dei nagusi luzatu nahi ditugu gaurkoan:
· Batetik, deituko diren mobilizazio eta ekimen guztietan masiboki parte hartzeko deia luzatzen dugu.
· Bestetik, presoen eskubideen aldeko aldarrikapena kaletik atera eta kriminalizatu nahi duten honetan, bete ditzagun Euskal Herriko kaleak, gure etxeetako balkoiak eta txoko guztiak "Euskal preso eta iheslariak etxera" lelodun txartel eta banderolekin.
- Tantaz-tanta, euskal presoen eskubideen aldeko itsasoa osatu dezagun!
Sopelako Udal Gobernu Taldea