Larunbatean "eskubide eta askatasunen aldeko" martxa izango da Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 1a, 16:48

Guardia Zibilak atzo Herrira mugimenduaren aurka egindako sarekadak erantzun parte hartzailea izango du larunbatean, 17:30ean Bilboko Casillatik "Tantaz tanta, euskal presoen eskubideen alde. tantaz tanta, konponbidearen alde" lelopeko nazio manifestazioa abiatuko dutela. Horrela iragarri dute gaur goizean makina bat erakunde sozial eta politikok, Bizkaiko hiriburuan Herrirak atzora arte izan duen egoitzatik gertu. 400 bat pertsonek Arriaga plazan egindako agerraldian argi utzi dute atzoko "ekintza judizial, polizial eta mediatikoa" gidatu zuen "erabaki politikoa" arbuiatzen dutela. Era berean, atxiloketek utzitako "nahigabea eta haserrea" alde batera utzita, errirarekin lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Izan ere, atzoko "bidegabekeriak" euskal preso politikoen eskubideen defentsa kriminalizatzea, itun antiterroristaren aro politikoa "sine die luzatzea", PPk "dituen konta ezineko arazoak" estaltzea eta presoen auzia "gutxi batzuen arazo" bihurtzeko "helburu politikoak" izan zituela salatu dute. Atxilotu guztien askatasuna aldarrikatu dute. Arriagako eskaileretan izan dira, besteak beste, Sortuko Pernando Barrena, Joseba Permach eta Tasio Erkizia, EH Bilduko Pello Urizar, Oskar Matute eta Rebeka Ubera legebiltzarkideak, Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LABeko idazkariak, Periko Solabarria militante historikoa, edota Leioa, Itzubaltzeta / Romo, Algorta, Urduliz eta Erandioko Herrirako kideak.

"Tantaz tanta, euskal presoen eskubideen alde. tantaz tanta, konponbidearen alde" manifestazioaren aurkezpena

Prentsaurreko honetan agertzen garen alderdi politiko, sindikatu eta erakunde sozialok iritzi publikoari helarazi nahi diogu Herrira herri-mugimenduaren aurka egindako operazioari buruzko iritzi bateratua, batetik, eta gertakari hori dela-eta elkarrekin emango dugun erantzunaren berri, bestetik.

Hasteko aipatu beharra daukagu hemen bildutako erakundeok Herrirarekin normaltasunez ditugula harremanak, eta horri eutsi egingo diogula. Asko partekatu izan dugu, elkarrekin lan egin dugu eta gure artean erakundeen zein pertsonen arteko harremanak daude. Erakunde horretako hainbeste militante eta arduradun atxilotu izanak nahigabea eta haserrea eragiten digu. Horregatik, edozer baino lehenago, atxilotuekiko eta hauen senideekiko elkartasuna adierazi nahi dugu. Halaber, ez dugu ezkutatu nahi beldur garela azken orduotan egoitza polizialean jaso dezaketen tratua medio.

Erabat arbuiatzen dugu ekintza judizial, polizial eta mediatiko hau gidatu duen erabaki politikoa. Izan ere, erabaki honek eskubide eta askatasun demokratikorik funtsezkoenak urratzen baititu. Herrira gurean erakunde aski ezaguna dugu: bere ekintza publikoa da; gure inguruko erakunde sozial eta politiko asko eta askorekin dago harremanetan, eta haiekiko lankidetza bilatzen du; bere ekimen guztiek hiru ezaugarri izan dituzte, eta uneotan ezinbestekoa da horiek nabarmentzea: baketsuak izan dira, elkar ulertuz pluraltasuna izan dute helburu, eta betiere giza-eskubideen defentsa izan dute ardatz.

Horrenbestez, guretzat begi-bistakoa da bidegabekeria honek helburu politiko bat, edo hainbat, duela. Lehena, ageri-agerikoa, euskal preso politikoen eskubideen defentsa kriminalizatzea. Noiz, eta argitaratzekotan denean espainiar estatuak presoekiko ezarri duen zigorren luzapen krudelari buruzko epaia. Kriminalizazioa medio espainiar gobernuak aldez aurretik zuritu nahi du bere jokabidea, giza-eskubideen auzitegi europarrari kargu hartuko bailioke estatu-arrazoiaren aurkako
epai bat emanez gero.

Bigarrenik, operazio honekin sine die luzatu nahi dute itun antiterroristaren aro politikoa, hots, makrosumario eta ilegalizazioek markatu duten aroa. Gure herriko esparru zabal baten lan politikoa eragoztea da xedea, hark irtenbideen aldeko jarrera izanagatik, ataka antirrepresiboan kateatuta gera dadin eta bere garapena galarazte aldera. Horixe da estatuaren “immobilismo” delakoaren helburua: Euskal Herrirako agenda bakarra aparatu guztien mobilizazio itsua da: errepresiboak, judizialak, instituzionalak nahiz komunikabideetakoak.

Hirugarrenik, nabarmena iruditzen zaigu makrooperazio honen keaz estali nahi dituztela egun espainiar gobernuan dagoen alderdiak dituen konta ezineko arazoak, esaterako, bi besterik ez aipatzearren, ustelkeria kasuak edota erabakitzeko eskubidearen aldeko erreibindikazio nazionalak gori-gori egotea. Ideia honen isla biribila da zein unetan datorren operazio hau, hain zuzen gobernuak justiziak erreklamatutako torturatzaileak atxilotzea ukatu duenean.

Laugarrenik, uste dugu era honetako operazioekin saiatzen ari direla presoen auzia gutxi batzuen arazo bihurtzen. Horregatik, gogoratu beharra daukagu hemen bildu garen erakundeok preso eta errefuxiatuekiko eskubideekin zalantzarik gabeko konpromisoa hartu dugula, eta konpromiso horri ez diogula amore emango, estatua setaz saiatuagatik ere. Hain zuzen, operazioa nolabait gure aurka ere badoa, eskubide horien defentsan Herrirarekin lanean ari izan baikara azken aldion.

Horregatik, sinetsita gaude erantzun zabal eta irmoa bultzatu behar dugula bidegabeko operazio honen aurka. Atzo goizetik bertatik erantzuna emateko dozenaka ekimen izan da gure herrietan eta eskualdeetan. Horiekin batera, hemen gauden antolakundeok iragartzen dugu Bilbon manifestazio nazionala izango dela datorren larunbatean, urriak 5, arratsaldeko 5.30etan, Casillan hasita. Gure helburua da espainiar estatuari helaraztea euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko duen sentipena, eta gure elkartasuna adieraztea atxilotuekin, berehala libre utz ditzatela exijituz.

Ekitaldia deitzen dugun erakundeok lan egingo dugu mobilizazio honek aste honetan babesik zabalena izan dezan. Hots, lan egingo dugu Herrirak egiten duen gisan, “Tantaz tanta”, guztion eskubide eta askatasunen defentsan elkar ulertzeko ahaleginez.

Deitzaileak

Alternatiba
Aralar
Askapena
Bai Euskal Herriari
Behatokia
Bilgune Feminista
CGT
Egiari Zor Fundazioa
EHNE
EILAS
ELA
Eleak mugimendua
Elkartzen
EPPK bitartekaritza
Erabaki
Ernai
ESAIT
ESK
Eskubideak
Etxerat
Euskal Herrian Euskaraz
Eusko Alkartasuna
Ezker Batua
GITE-IPES
Gorripide
HIRU
Ikasle Abertzaleak
Joxemi Zumalabe Fundazioa
Komite Internazionalistak
LAB
Sare antifaxista
Sortu
Taupaka, sortzaileon elkartea
Torturaren Aurkako Taldea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun